2012an Diputazioak 600.000 euroko dirulaguntza eman zion EAJko Alonsotegiko Udalari. Hainbat herri-lan egiteko erabili behar ziren, baina horiek inoiz ez ziren egin. Orain, EH Bildu da gobernuan eta diputazioak dirua itzultzea eskatzen dio.
Patricia Bezos Bilboko Administrazioarekiko auzi-prozesuetako epaileak maiatzean eta ekainean ebatzitako bi autoren bidez eten du ordainketa, auziaren inguruan guztiz erabakitzen den arte, El Diario-k argitaratu duenez. 600.000 euroko dirulaguntza da eta horrek sortu dituen interesak, 321.964 euro, daude aferaren oinarrian. Udala kudeatzen duen EH Bilduk pozik hartu ditu bi ebazpenak, kopuru hori udalaren urteko aurrekontuaren ia %20 da eta.
Bizkaiko Foru Aldundiak Alonsotegiko EAJko udalari emandako 600.000 euroak daude auziaren muinean. Horiek erabili behar ziren herrian 2011ko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko. Operazioa, alabaina, udalaren bestelako zorrak ordaintzeko amarrua zen, José Luis Erezuma alkateak 2019an onartu zuen bezala. Udalak milioi bat euro pasatxoko zorra zuen Laneder enpresak udalarentzat egindako lanengatik, 450.000 ordainduta zituen, baina gainerakoa falta zen, eta hain zuzen ere, horretarako erabili zen dirulaguntza.
Erezuma alkatea epaiketa egin aurretik hil zen eta gainerako akusatuak epaiketan adostasunera iritsi ziren fiskaltza eta akusazio partikularrarekin –EH Bildu– dirua epeka itzultzeko. Azkenean, gainera, akusatuek diputazioaren dirua eskuratzeko amarrua egin zutela ebatzi zuen epaileak, baina ez zela bidegabeko erabilerarik egon.
Oraingo tirabiretara itzulita, 2026ko hasieran Alonsotegiko Udalak eskatu zion diputazioari zor hori bertan behera utz zezala. Ez zen horrela egin eta udalak auzitegietara eraman zuen gaia. Diputazioak onartu du dirulaguntzaren itzulera kautelaz etetea auzia ebatzi arte, baina ez zegoen ados interesak ere etetearekin. EH Bilduko udalaren esanetan, herriak dagoeneko jasan ditu iraganean gaizki egindakoen ondorioak eta egingo du ahal duena dirulaguntza hori ez itzuli behar izateko, horrek beste behin ere herritarrak kaltetuko lituzkeelako.
Lehenago ere Alonsotegiko udal agintariek izan dituzte antzeko auzipetzeak: 2018ko uztailean Barakaldoko epaitegiak Alonsotegiko beste bi alkate ohi –Gabino Martinez de Arenaza eta Aitor Santiesteban, biak EAJkoak– eta beste sei pertsona auzipetu zituen, EH Bilduk 2014an egindako salaketa baten ondorioz. Bi alkate ohiei diru publikoaren erabilera bidegabea, iruzur egitea eta kargua beren intereserako erabiltzea egozten diete, baina bi auziak oraindik ere katramilatuta daude auzitegietan.