Absolbitu egin dute lankide bat bortxatu izanaz akusatutako Donostiako udaltzaina

  • 2023an gertatu zen erasoa Bilboko Aste Nagusian. Donostiako udaltzainak ziren eta, gaua elkarrekin igaro ondoren, elkarrekin joan ziren etxera. Erasotzaileak deklaratu zuen emakumeak "ez ziola uko egin"; ordea, emakumeak salatu zuen ez zela gertatutakoaz oroitzen, eta nabarmendu zuen ez zuela harreman sexualik izan nahi. Auzitegiak argudiatu du "ezin dela frogatu" alkoholak emakumearen nahia baldintzatu izana, edo erasotzailea egoeraz aprobetxatu zela.

Bortxaketaz akusatutako udaltzaingoa absolbitu dute.

2026ko uztailaren 21ean - 11:39
Azken eguneraketa: 17:39
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

El Diario Vasco egunkariak jaso du albistea. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak absolbitu egin du lankide bat bortxatzeaz akusatutako gizonezkoa. Auzitegiaren argudioen arabera, aurkeztutako frogak "ez dira nahikoak" bortxaketa bat izan zela epaitzeko. Epailearen ustez, ez dute frogatzen erasoaren unean gizonezkoa jakitun zela ez zuela emakumearen baimenik edo alkoholak erabakian eragin zuela. 

2023ko Bilboko Aste Nagusian gertatu zen, abuztuaren 21eko gauean. Lanetik ezagutzen ziren biak, Donostiako udaltzainak baitziren. Festan laneko ezagunekin topo egin zuten eta, gauean zehar elkarrekin egon eta gero, gizonezkoaren lagun baten etxera joan ziren. Gizonezkoak deklarazioan esan zuen emakumea "mozkorra, baino kontziente" zegoela. Ordea, emakumeak deklarazioan azaldu zuen ez zuela apenas gogoratzen gertatutakoa, eta, are gehiago, azpimarratu zuen gogoan zuela momentu batean gizonezkoak zerbait iradoki ziola eta berak ezin zuela hitzik ahoskatu. Epaiketaren unean berretsi zuen berak ez zuela harreman sexualik eduki nahi. 

Erasoa gertatu eta bi egun geroago, emakumeak salaketa jarri zuen eta ikerketa abiatu zuten. Fiskaltzak bortxaketa izan zela ondorioztatu zuen eta bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat. Aurkeztutako frogetako bat emakumeak eta gizonezkoak gau hartatik gutxira edukitako deiaren grabaketa izan zen, non gizonezkoak emakumeari leporatu zion "ez ziola ezetz esan" eta iradoki ziola "gauza bera nahi zuela".

Hori da hain justu absoluzioaren arrazoi nagusiena, emakumea "ez zela ukatu". "Gure ustez, orain arte aurkeztutakoa, argi eta garbi, eskasa da akusatua egotzitakoaren egile dela berresteko", esan dute magistratuek. Ikerketaren arabera, ez zen droga kontsumorik edo indarkeriarik egon tarteko. Nahiz eta biak alkoholaren eraginpean egon, Bizkaiko Auzitegiak absolbitu egin du erasotzailea, argudiatuta "ezin izan dela frogatu" erasotzaileak ez zuela kontuan hartu edariak emakumearen nahia baldintzatu zuela edo egoeraz aprobetxatu zela.


Sexu Erasoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...