Bizkai eta Araban, euskararen bulkadan

  • Ostegunean, Bizkaiko Ezkerraldea eta Meatzaldeatik igaro, eta Enkarterrietan unibertsitateetako euskara taldeek bat egin dute Korrikarekin. Ostiralean Aiaraldean eta Arratian langile borroka zein omenaldi hunkigarriak egiteko baliatu dute. Eta Gasteizek eztanda egin du iluntzean. Denen bulkadari esker ari da aurrera lekukoa.

Joseba Irazabalek 31 urte egin ditu Korrikako furgonetero izaten, eta aurten du azkenengoa. Omenaldi moduan lekuko-hartzea oparitu diote Zeanuritik Ubideta bidean. AEK

2026ko martxoaren 28an - 09:30
Azken eguneraketa: 2026-03-29 00:22
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Martxoaren 26an Bizkaiko kostaldean eta Bilbo inguruan ibili da Korrika, eta jende mordoa batu den arren, pankarta eta lelo kritikoak ere presente egon dira: aldekotasunetik aktibatzera igarotzea da AEKren erronketako bat. Aurreko egunetako paisaia berdeetatik, Uribe-Kostako itsasaldeko girora pasatu da lekukoa, baita eraikin, itsas-portu, garabi eta norabide guztietako autobide zaratatsuetara. 

Erandion, korrikalariek Ibaizabal parean geratu behar izan dute, Barakaldora ibaiaren beste aldetik begira, 2.208. lekuko-hartzea paddle surfean egin baitute Altzagako jai batzordeak, emakume taldeak eta kantaguneak. Lekukoa Ezkerraldeara pasatzea izan da euren egitekoa, eta korronte eta haize gogorraren kontra egin dute arraunean. Beste aldean zain izan dituzte Argitan emakumeentzako aholku etxeko kideak, “30 urteko borroka feminista eta euskalduna” kartela eskuetan, urduri, erronka ez baita makala izan. Ibaiaren bi alboetara begira izan dituztenek txalo artean ospatu dute Erandiotik Barakaldorako zeharkaldia, denen buruetatik pasatu baita mezu ezkutua itsasadarreko uretan galtzearen ideia. Beste batzuek beldur horixe izaten dute haurtxoek lekukoa hartzen dutenean, batzuek negarrez besteak irriz, euskara garela aldarrikatzen duen lekukoaren zama esku txikietan kabitzen ez zaiela ikusten dutenean. Baina denek lortzen dute aurrera egitea, eta eskuz esku badoa Atharratzetik Bilbora, korrika, oinez, gurpilen gainean zein igerian.

Erandiotik Barakaldora paddle surfean pasatu dute lekukoa. AEK

Ezkerraldean kale eta errepide guztiak hartu ditu Korrikak. Halere, jakina da kaleak betetzeak ez duela bermatzen korrikalari guztien ahotan euskara dagoenik, egun hauetan guztietan argi entzun denez. Dena den, kontzientziak piztea da hainbat lekuko hartzaileren helburuetako bat, eta beste talde edo eragileen lekuko-hartzeak kritika politiko edo sozialetarako erabiltzen dituzte beste hainbatek. Esaterako, “Portugaleteko gazteok euskara gara” pankarta atera duten gazteek probestu dute Portugaleteko Udalaren (PSE-EE) lekuko-hartzea, pankartari buelta eman eta beste mezua erakusteko: “Udal honek ez du euskalduntzen, utzi postureoa”. Bizkarra emanda egonik ere, 24. Korrika 24 orduz grabatzeaz arduratzen dira Hamaika Telebistako eta EITBko langileak, beraz, mezua ziur iritsi zaiela.

Ehunka herritarren topagunea, euskara

Ezkerraldeatik Meatzaldeara egin du, eta bozgorailuetan zein furgoneta barruan berbera entzun da: Ortuellak ez du sekula hainbeste jende ikusi Korrikan. Ziurrenik bera pentsatu dute Balmasedan ere, 22:00etan Korrika bertatik igaro baino lehen ere euskaltzalez beteta baitzegoen Enkarterriko hiribildua. Izan ere, Balmasedan egin dute hitzordua une honetan artikulatuta dauden Euskal Herriko unibertsitateetako euskara taldeetako 160 pertsona baino gehiagok. Agian, giroa bertatik bertara grabatzera joandako EITBko kazetariak ere harritu dira, herriko plazan txistuka hartu dituztenean dozenaka lagunek, ETBk euskarari ematen dion espazioaz kexatzen, besteak beste.

Unibertsitateak euskaraz! ekimenaren lekuko-hartzera joan aurretik berotzeko elkartu dira Balmasedan, eta Hodei Alegre bertako kideak ARGIAri azaldu dionez, “Korrika bezalako ekimen sozial eta handia” baliatu dute euskara talde horiek saretzeko. Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta EHUko –Gasteizko campusa, Leioako campusa, eta Ibaetako campusa– euskara taldeak elkartu dira: “Ikusteko euskaldunon zapalkuntza partekatzen dugula Euskal Herriko unibertsitate guztietan. Hemen gauden guztiok nahi dugu hezkuntza duin, euskaltzale eta euskalduna, oraindik ez baitago bermatuta”, ziurtatu du Alegrek. Unibertsitateetako ikasle euskaldunen eskubideak defendatzeko beharra ikusi dute: “Unibertsitate organoa ez dago egina Euskal Herriko markoarentzat, ezta euskaldunen hezkuntzarentzat ere; marko espainiarrean jokatzen ari gara. Zapalkuntza horiek normalizatuta daudela ikusten dugu euskara taldeetatik”. Alegriak aldarrikatu duenez, Balmasedan elkartu diren ikasleek argi dute eskubide horiek defendatzea beharrezkoa dela, eta “euskarazko ikasle eta profesionalak produzitzea eta erreproduzitzea unibertsitate esparruan”, etorkizuneko jardun akademikoa euskaraz izatea bermatzeko.

Unibertsitateetako 160 ikasle baino gehiago elkartu dira Balmasedan, eta arnasgunea sortu nahi izan dute Korrikaren pasaeran. Euskal Herriko Unibertsitateak Euskaraz.

Apropos eskatu zioten AEKri euren kilometroa ostegunean jartzeko, unibertsitateetako ostegunei jarraipena emateko asmoz, eta Balmasedan egitea ere hautu kontzientea izan da: “Balmaseda bezalako toki batean nahi genuen, Enkarterrin euskararen egoera soziolinguistikoa ez dagoelako oso ongi, eta bertako gazteekin batera arnasgune txiki bat sortu nahi izan dugu”. Herritarrekin batera egin dute Korrikarako beroketa, eta afari herrikoiaren ostean autobusetan joan dira lekuko-hartzeen tokietara; handik, Bilbora, ostegunetako ohitura ahaztu gabe. “Polita da, aisialdia lotzen dugulako zentzu politiko batekin. Euskararen normalizazioa lortzera bidean, aisialdirako esparru euskaldunak sortzea politikoa dela iruditzen zaigu”. Alegrek dio lortu dutela arnasgunea sortzeko helburua, hala ikusi dutela Balmasedako taberna eta herritarren artean, baita euskara talde guztietako ikasleen artean ere.

Pelotoiaren hasiera eta amaiera

Ikasle euskaltzaleek euskararen festa Bilboko Kafe Antzokian edo inguruetan jarraitu duten bitartean, Korrikak Aiaraldea zeharkatu du eta, 300 langile kaleratuko dituztela eta, greba mugagabean hasi berri diren Tubos Reunidoseko langile borrokalariek euskaltzaleen babesa jaso dute lekukoa hartzean. Langileen aldarrikapenekin segi dute Galdakaon ere, eguna argitzearekin batera, LABeko etxeko langileen lekuko-hartzean: “Ez gaude denok, barneko langileak falta dira”.

Goiza Arratian egin du Korrikak, eta betiko legez, bero hartu dute herritarrek. Igorren “euskarak sendatzen gaitu”-ela oroitarazi dute Osakidetzako langileek. Artean, bertako errefuxiatuek hartu dute lekukoa; euskara taldea sortu dute eurek ere, AEKk oroitarazi moduan, “euskara denon aterpe” delako. Zeanurin, “Euskara da gure lema, askatzen gaituena” dioen pankarta zintzilikatu dute kaleetan, eta Zeanuriko Udalak (EH Bildu) lekukoa esku batean eta mikrofonoa bestean, halaxe kantatu du: “Euskera baita gure herria / mugitzen dauen gurpila. / Furgonetetan antolakuntzan / egiten dabiz lan pila, / ta helburutzat gehiengoaren / ahotan entzun dadila”. Lekukoa aurretik doa, pelotoiaren buru, eta Andoni Ariznabarreta Trigo AEKko kide zeanuritarra atzetik, pelotoia ixten, lekuko-hartzeen kartelak kentzen. 07:30ean hasi da lanean eta Arratia guztiaren ardura du. Karrera ixten joateak Korrikaren beste ikuspuntu bat ematen duela dio: jendea nekatuta, ezinean, atzean geratuta, baita harrotasun eta garaipen aurpegiz ere. Baina 2019ko Korrikan kontrako ikuspegia izan zuen, furgonetero lanetan ibili zelako, eta dioenez, aurretik joateak badu beste ikuspegi hau: jendearen emozioa eta ilusioa Korrika azkenean badatorrela jakitean, txalo eta saltoak... “Beste zera bat da, oso berezia”, dio.

Ariznabarretak, halere, bere eskualdeko euskararen egoera kezkaz ikusten du, eta Zeanuri arnasgune izaera galtzen ari dela ziurtatu du, gaztelera gero eta gehiago entzuten baitu. Azken hamar bat urteetan aldaketa nabarmena izan dela dio. Zeanuriko Udalak ere kezka horixe du, eta horregatik erabaki du berriro UEMAko kide izatea, erabilera datuen beheranzko joera geldiarazteko baliabide gehiago eskuratu nahian. Korrikak ematen du arnasgune hori, baina ez da nahikoa. Ariznabarretak, kartelak kentzeaz gain, beste eginkizun garrantzitsu bat izan du martxoaren 27an: korrika egitea lagun eta familiarekin, betiere aldarrikapenak ahaztu gabe. “Uin Korrika, gero?” dioen kartela altxatu du Barazarko portua tipi-tapa igotzen, eta kartelari buelta ematean “PNV zentzune, administrazioa euskaldune” mezua erakutsi du.

Andoni Ariznabarreta Trigo AEKko kide zeanuritarrak amari eskaini dio lekuko-hartze berezia. AEK

Korrika aldarrikapenerako baliatu du Zeanuriko gazteak, baina baita eskertza gisa ere. 2525. lekuko-hartzea amarekin eta arrebarekin egin du, “Trigotarren” izenean, eta portua euripean igo duen euskaltzale taldetxoak familiaren hunkidura konpartitu du. Hitz batzuk eskaini dizkio amari, euskaraz eta gazteleraz, amak ere uler zezan; eskerrak eman dizkio seme-alabak euskalduntzeko erabakia hartzeagatik, eta txalo zaparrada eman dute gainerako korrikalariek ere, ama guztien gorazarre gisa.

Omenaldien kilometroa izan da 2525a, izan ere, Trigotarrekin konpartitu du lekukoa Joseba Irazabal furgonetero otxandiarrak. Lekukoa Bilboraino iritsi dadin 12 bat ordu lanean zeramatzala eman diote sorpresa, harentzat eskuratu baitute kilometroaren zati hori. Lanbro artean agertu dira familia, lagun eta furgoneteroak, Irazabalek Korrikan parte hartu duen 31 urte hauetan alboan izan dituenak. Hamabost Korrika egin ditu furgonetero gisa, eta aurtengoa izango da azkena. Omenaldi xume bezain hunkigarria egin diote, eta irribarrez egin du maldan gora lekukoarekin, atzetik zein furgoneta barrutik bultzada goxoa jaso baitu.

Joseba Irazabalek 31 urte egin ditu Korrikako furgonetero izaten, eta aurten du azkenengoa. Omenaldi moduan lekuko-hartzea oparitu diote Zeanuritik Ubidea bidean. AEK

Eguerdi partean amaitu dute txanda Irazabalek zein Ariznabarretak, akituta baina barrua beteta. Hurrengo orduetan ere lanean jarraituko dute, Korrika posible egiteko beharrezkoa baita denen inplikazioa eta ardura. 12:00ak aldera Ubidetik pasatu da, eta Gorbeialdean sartu dira euskaltzaleak; Bizkaitik Arabara. Añana eta Trebiñu igaro ditu arratsaldean, seigarren hiriburura bidean. Eta iluntzean, Gasteizek eztanda egin du.

Euforia kontrola ezina

Ostiral iluntzea, opor usaina, eta euforia erabatekoa. Gasteizen lekuko-hartzaileak bata bestearen atzetik batu dira Korrikara, eta etorbide luzeetan ere ozta-ozta kabitu da jendea. 4 gradu markatu dituzte termometroek, baina furgoneteroek eta laguntzera batu zaizkien boluntarioek beroaldi galanta hartu dute. Zaila izan da pankarta atzean kabiaraztea jendetza guztia. Baina lekukoak aurrera egin du, eta une bereziak eskaini ditu: aipatzekoak dira, besteak beste, Palestina Gara lekuko-hartze berezia, palestinarren eskutik, atzean bandera erraldoiak lagunduta; Sahara Elkarteak hartu duenean, Saharako bandera eskuetan furgoneteroei "eskerrik asko"-ka aritu den neskatoarena; edota Gasteizko diskoteka batean atezainak hil zuen Kermanentzat justizia eskatu eta hura oroitu dutenekoa. Lekukoak Gipuzkoa alderantz egin du, baina jende oldea Gasteizko kaleetan barrena geratu da. Korrikak alde egin eta hamar minutura, atzetik harrapatu nahian oraindik jendea galdezka aritu da ea bukatu den. Ez, ez da bukatu euskaltzaleen ekimen erraldoi hau, azken txanpa falta da; gero eta gertuago dago Bilbo.

Gasteizen Palestina Gara lekuko-hartze berezia egin dute. AEK

Irakurri gehiago: Korrika Euskara Euskalgintza
Korrika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.