Bizitza zinemaren imitazio pattala da


2026ko otsailaren 10ean - 11:16
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Nouvelle vague (Olatu berria)
Richard Linklater (2025)

Zer: Filma
Herrialdea: Frantzia
Iraupena: 105 minutu

Non ikusi: Zinema aretoetan, eta gero Netflixen

--------------------------------

Berandu konturatu nintzen. Edo, agian, momentu egokienean. Eguna libre geneukan eta kostaldera hurbildu ginen erlojurik eta iparrorratzik gabe auto berde txiki batean. Narrazioen deanbulazioan, lagunak entseatuta zekarren esaldia bota zidan zigarroa ahotik kendu eta jarraian: "Aber, egin ezin dena egitea gustatzen zaizu". Eta gertatzen ari zaigunari hitzak jartzea baino ariketa transzendenteagorik ez dagoenez, bidaidearen ideia garbira pasatu nuen.

Garai berdintsuan deskubrituko nituen zinegileen olatu berriak ekarritakoak. Eskarmenturik gabeko pipiola hutsa ni, desobedientziaren erakustaldi zinematografikoekin liluratuta. "Ah, baina hau egitea posible da, ala?". Garaiko erreboltak jazz doinuekin diferituan jarraitu nituen: Aljeriako gerraren, ikasle mugimenduaren eta borroka feministaren eraginak Frantzian. Aldizkari kultural baten bueltan aktibatutako zinegile gazteak, industrian espero zenaren gainetik. Egin ezin zena egitera ausartu ziren.

Errodaje plana kafetegietako musuzapietan zirriborratuta, kale giroan murgildutako inprobisazio dosi handiak, lan taldea aspertu eta hasarratzeraino. Mugimendu intelektual bezain hedonista. Zegoenarekin: motor! Seguru bati baino gehiagori pasatu zaiola pelikula horietako tabakoaren keak konjuratuta, zinetik irten eta arkatz bat edo kamera bat (edo zigarro bat) pizteko gogoa sentitzea.

Nouvelle Vague zinema mugimendu frantsesaren izena erabili du Richard Linklaterrek bere azken filma aurkezteko. Olatu berri horren hasieran kokatuko gaitu, Les 400 Coups (Truffaut, 1959) filmaren presentazioan. Banan-banan aurkeztuko dizkigu garaiko zinegileak. Meta-zinea abiadura handian. Konturatzerako zinema aretoko besaulkian aurreraka eserita geunden, zirrara ezkutatu ezinik, arreta korporal esajeratuekin.

Pelikulako istorioa ordea, Jean-Luc Godarden lanean zentratzen da erabat. À bout de souffle (1960) filmaren errodajearen kontaketa zoroa: produktoreen frustrazioak zuzendariaren lan egiteko estilo apurtzailearekin eszenaz eszena eta aipu izarrak ahoz goran, eguzkitako betaurreko beltzen atzetik.

Godardi kaguendioska ibilitakoa den kazetari bati irakurri genion Europako zinema aburgesatuena zela. Kontrara, Hollywoodeko zine industria ezkertiarragoa dela argudiatzen zuen luze. Eta egia esan, dikotomia tranpati horrek Godard eta batez ere bere kuadrilako gizonekiko deskonfiantza zabaldu zidan tarte batez. Baina, film honek tabako usaineko konjuruan murgildu ninduen berriz ere. Zinema aretotik irten ginen kontrabaxua, pianoa eta saxofoiaren doinuen atzetik, eta esperotakoa ez, beste zerbait egin genuen gau hartan ere. 


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.