Bizitza erdi-ederrak


2026ko otsailaren 23an - 08:42
Azken eguneraketa: 2026-02-26 15:41
Dani Blanco/ARGIA CC-BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Nacho Vegas
Non: Victoria Eugenia Antzokian, Donostian.
Noiz: otsailaren 6an.

-----------------------------------------

Ia erritu bilakatu zait kontzertuetan koaderno digitalean –alegia, mugikorreko oharren aplikazioan– esaldiak apuntatzea. Batzuetan da klik egiten dudalako, besteetan uau edo uff, eta lantzean behin krak ere bai. Ikerlari izateak justifikatzea nahiko nukeen aitortza friki xamar bat, zuzenean intensa bat naizela ez esateagatik. 

Aitortzak egiten hasita, aitortuko dut Nacho Vegasen kontzertura joan nintzela beronen diskografia ia ezagutu gabe; bigarren aldia zela Victoria Eugenia Antzokian sartzen nintzena, eta horrelako espazio maiestatetsuek lilura eta deserosotasuna sentiarazten didatela. Isil-gordeka topatzen dudala neure burua horrelakoetan, inguruko paisaiari beha. Eta hasierako arroztasun horregatik akaso, kostatu zitzaidala zuzenekoarekin konektatzea. Proposamen estetikoak ere izango zuen eraginik. Ikus-eremuaren erdi-erdian zegoen burdinazko barrak ere bai, ziurrenik.

Baina abestiz abesti, indie, folk eta rock doinuetan barrena, gertatzen denarekin eta gertatzen zaionarekin konprometitutako autore bat agertzen joan zen okrezko traje eta eguzkitako betaurrekodun gizon haren barrutik. Erreskadan etorri ziren bihotza uzkurtzen duten esaldiak, tatuatzeko lakoak direnekin nahasturik: Ez dago amaiera den garaipenik, ez erabateko porrotikklik–; minaren eta ezerezaren artean, mina hautatu nuenkrak–; bizitzea ihesa eta hauskortasuna dela ulertzea eta, betetasunik egon ez arren, distira bilatzeauff–; hainbeste gorrotatzen zaitut, ni neu ere ikaratu egiten naizelauau–; ez dute ulertuko gure dohaina xamunartasuna delaklik–. 

Aspaldi ez nuela zuzeneko batean hainbeste esaldi poltsikoratu. Edozelan ere, bestelako sorpresa ederrak ere egon ziren tartean. Txoriak Txori abestiaren bertsio bat asturieraz, panderetaz lagunduta, adibidez. Baita Adur Ramirez de Aldaren off-ahotsa ere, “inoiz itxi ez ziren zaurietan haiek gatza, guk eztia” esaten. Gehien hunkitu ninduena Seis Pardales deituriko abestia izan zen, La Suiza kasuan auziperatutako sindikalistei egindako abesti-omenaldia, folklore asturiarraren durundarekin: ¿Qué meyor manera d'alloriar que la de siguir cantando lo que l′otru nun quier sentir?klik, klik!–(ba ote zoratzeko modu hoberik, besteak sentitu nahi ez duena kantatzen jarraitzea baino?).

Vegasi irakurri diot egileari berarentzat musika popularrak deserosoak suertatzen diren egia emozionalak erakustea garrantzitsua dela, kolpatzen zaituztenak eta erraiak nahasten dizkizutenak. Asturiarra maisua da lan horretan, esaldimetroa horren erakusgarri. Antzokitik ateratzean, ordea, ez nuen izan bizipen hori; gehiago izan zuen memoria kolektiboan eta ondoez indibidualetan eztia bota izanaren sentsaziotik. Gantzu pixka bat, otsoz inguratuta ere, erresistentzia eta hauskortasuna aldarrikatzen dituzten bizitza erdi-ederrentzat.                                                                                                                        
 


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.