Igande honetan, urriak 11, Zestoan (Gipuzkoa) kokatuta dagoen Amillubi proiektuan, “Eskola Haziak” ekimenaren beste saio bat egingo dute. Ekimen honek teoria eta praktika uztartzen ditu, eta oraingoan bioeraikuntza izango da ardatza. Goiz pasako planaren barruan, beste bi nobedade ere izango dira: batetik, eguerdian berri on bat publiko egingo duela iragarri du Amillubi proiektuaren sustatzaile den Biolur elkarteak; eta, bestetik, Mexikotik Dulce Magaña ekoizle maia zapotekarra eta Jesús Andrade nekazari-mugimenduko kidea bertaratuko dira.
9:00etan ekingo diote bioeraikuntza tailerrari Amillubin, urriaren 11n. Lehenik azalpen teorikoak jasoko dituzte, eta ondoren, paretatxo bat eraikiko dute denen artean. Hain justu Amillubirako sarreran, bidearen ertzean egingo dute hormatxoa, bidearen ondoan koska oso handia dagoenez, oinezkoak oharkabean erortzea saihesteko. Bioeraikuntzaren tailer hau bi egunetakoa izango da. Lehen eguna urriaren 11n egingo dute eta bigarrena azaroaren 1ean.
Tailerrean izena emateko, koordinazioa@amillubi.eus helbidera idatzi behar da.
Biolur elkarteak abiatu zuen Amillubi proiektua, 2023ko abenduan, eta ARGIA ere elkarlanean ari da, beste hainbat eragilerekin batera. Amilibia baserria eta bere lurrak kolektiboki erostea da honen helburua, bertan agroekologia mugimendua indartzeko proiektuak martxan jartzeko. Bada, Biolur elkarteak iragarri du igandean, 13:30ean, berri on bat egingo duela publiko. Beraz, Eskola Haziak ekimenean parte hartzen ari direnek bertatik bertara jasoko dute albistea.
Horrez gain, Mexikotik etorritako bi kideren bisita ere jasoko dute 13:30ean. Batetik, Dulce Magaña maia zapotekarrak hartuko du hitza. Bera Túumben K’óoben kooperatibaren eta Náaybi Lu’um agroekologia zentroaren sortzaileetako bat da; egun arrautza eta haragi ekoizlea da eta baratze biointentsiboak eta sistema agroforestal sintropikoak ere ezagutzen ditu. Hitza hartuko duen beste kidea Jesús Andrade da, urte askotako esperientzia duena nekazarien antolakuntzan eta Latinoamerikako Institutu Agroekologikoko (Iala) kidea dena. Bizilur Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako Elkartearen eskutik Euskal Herrira etorritako bi kide hauek azalduko dute Ialaren agroekologia eskolaren oinarriak zein diren.
Hona hemen igandeko Eskola Haziak ekimenaren afixa:
