Pasa den larunbatean Loiuko aireportuan (Bizkaia) gertatutakoen harira –ertzainek kargatu egin zuten Global Sumud Flotillako kideen eta haien zain zeuden lagunen aurka–, "erantzule bakarra" Ertzaintza dela berretsi du Global Sumud Euskal Herriak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari dimisioa emateko eskatu diote eta, Jaurlaritzari, "enpresa eta erakunde sionistekin dituen kontratu eta harreman guztiak hausteko".
Flotillako kideek gertatutakoaren inguruan Bingen Zupiria "eraikitzen saiatzen ari den kontakizuna" salatu dute. Azaldu dute, batetik, han zeuden pertsonek ez zutela Ertzaintza probokatu: "Tentsioa egon bazen, Poliziaren presentziak berak eta operatiboan izandako jarrerak eragin zuten", diote. "Onartezina da neurriz kanpoko polizia-hedapenak sortutako egoeraren erantzukizuna herritarrei leporatzen saiatzea". Halaber, ukatu egin dute ertzainei eraso egin zitzaienik.
"Elkartasuna kriminalizatzen saiatzea askatasun politiko eta zibilen aurkako erasoa da", gaineratu dute: "Zupiriak gertatutakoa benetan sentitzen badu, zergatik tematu da Flotillako kideak kriminalizatzen eta kargen errudunak gu izan ginela aditzera ematen?".
Loiun ziren ertzainen jokabidea gogor kritikatu dute ekintzaileek: "Israelekin elkarlanean ari den Poliziak borraz hartzen ditu Flotillako partaideak. Nola ulertzen dira poliziek egitea 'por mí como si se quedan allí' (nigatik han gera daitezela) edo 'id a hacer vuestro Ongi Etorri a vuestro caserio' (zoazte zuen ongi etorria zuen baserrian egitera) bezalako iruzkinak?". Arazoak ertzainak iritsi zirenean sortu zirela diote, ordura arte aireportuko martxa "normala" zela: "Argi dago Ertzaintza iristean deskontrolatu zela egoera; elkar besarkatu nahi zuten senideen artean segurtasun-lerroa ezarri zuen. Zer segurtasun, baina?".
"Esaten duzun guztia egia bada eta gertatutakoaren erantzukizuna zure gain hartzen baduzu", zuzendu zaizkio Zupiriari, "zu eta jipoian parte hartu zuten ertzainak zarete epaitu behar diren bakarrak. Gainera, Palestinako herriari gizateriaren aurkako krimenak egiteagatik ikertu beharko zintuzkete, eta Israelekiko harreman guztiak hautsi egin beharko lirateke".