Global Sumud Flotillako abokatu Haizea Ziluaga Larreategi eta Iker Sarriegi Etxabe abokatuek kereila kriminala aurkeztu dute Ertzaintzaren eta bere arduradunen aurka. Maiatzaren 23an heldu ziren Loiuko aireportura Israelgo armadak nazioarteko uretan bahitu zituen flotillako euskal ekintzaileak. Ertzaintza bortizkeria handiz oldartu zen ekintzaileen zein harrera egitera bertaratu ziren herritarren aurka, lau pertsona atxilotu zituen eta hainbat zauritu. Haizea Ziluaga ARGIArekin mintzatu da, kereila aurkeztu berritan.
Ertzaintzaren aurkako kereila kriminala aurkeztu duzue gaur Bilboko Epaitegian, Loiuko esku hartzearen harira. Zergatik?
Israelen eskuetan bahituta egon ostean Euskal Herrira bueltatzean, flotillako boluntarioak Loiuko aireportuan hartu zuten lurra. Poliziak basakeria handiz esku hartu zuen beren aurka, eta hori salatu nahi dugu.
Kereila aurkeztu duzue, batetik, parte hartu zuten ertzainen aurka, bestetik, operatiboaren buruaren aurka eta azkenik, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuaren aurka. Zeintzuk dira bakoitzaren ardurak zuen ustez?
Bingen Zupiriak berak adierazi zuen maiatzaren 24an, erasoaren hurrengo egunean, lehen pertsonan egiten zela operatibo horren arduradun, hortaz, lehen erantzulea bera litzateke. Horregatik, eta bera delako Segurtasun sailburua. Operatiboaren arduradunak ere badu gertatutakoaren erantzukizuna, jakina. Eta parte hartu zuten ertzainei dagokienez, haiek izan ziren borrekin lurrean zeuden herritar desarmatuak jipoitu zituztenak.
"Gure ustetan hainbat delituren zantzuak daude: lesio delitua, legez kanpoko atxiloketa, gorroto delitua, eta giza eskubideen aurkako delitua"
Zer aurkeztu duzue kereilan?
Kereila Global Sumud Flotillako euskal ordezkaritzaren izenean aurkeztu dugu. Batetik, egitateak aurkeztu ditugu, guztiok bideoetan eta argazkietan ikusi ditugun horiek. Bestetik, Ertzaintzak zauritu zituen pertsonen zerrenda aurkeztu dugu, eta baita haien txosten medikuak ere. Gure ustetan hainbat delituren zantzuak daude: lesio delitua, legez kanpoko atxiloketa, gorroto delitua, eta giza eskubideen aurkako delitua.
Eskatzen dugu ikerketa abiatzea eta gertatutakoaren arduradunak identifikatzea, ostean ardurak eskatu ahal izateko.
Zer bide egingo du orain kereilak epaitegian?
Epaitegiak kereila tramitera onartzen badu, ikerketa dilijentziak egiten hasi beharko luke. Epaileari eskatu diogu deklarazioa hartu diezaiela operatiboan parte hartu zuten ertzainei, arduradunari, zein Zupiriari. Baita zaurituei eta lekukoei ere.
Ikerketa fasea amaituta epaitegiak erabakiko du aurrera jarraitu edo ez: delitu zantzuak ikusten baldin baditu, prozedurak aurrera jarraituko du eta epaiketa egingo da; delitu zantzurik ikusi ezean, kasua artxibatuko du.
"Badugu kereilak aurrera egiteko esperantza, baina egia da aurrekari asko ditugula zeinetan Ertzaintzak egindako gehiegikeriak artxibatuta amaitu duten"
Cabacas, Xuhar Pazos, Amaia Zabarte... oso gutxitan zigortzen da Ertzaintzaren jarduera epaitegietan, eta egiten denean oso modu arinean. Espero daiteke bestelakorik oraingo honetan?
Guk badugu kereilak aurrera egiteko esperantza, baina egia da aurrekari asko ditugula zeinetan Ertzaintzak egindako gehiegikeriak artxibatuta amaitu duten. Kasu honetan, beste batzuetan bezala, Ertzaintzaren jarrera izan da guztiz desproportzionatua, neurrigabekoa. Ez zen beharrezkoa han egotea ere.
Ertzainek inpunitate berezia dute, eta Zupiriak hori hauspotu du.
Bingen Zupiria ikusi dezakegu epaitegian ikertu gisa deklaratzen?
Ikusiko dugu, berak lehen pertsonan asumitu du operatibo horren ardura, hortaz, noski, epaitegian deklaratzera deitu beharko lukete. Gainera, gure begiekin guztiok ikusi ahal izan ditugun gertaerak ukatu ditu, eta polizien basakeria estaltzen saiatu da.
Berriz ere Ertzaintzaren jardueraren eta Poliziaren inguruko eztabaida piztu dute Loiuko gertaerek. Kereila aurkeztu duzuen bi abokatuek esperientzia luzea duzue alor horretan, zer iritzi duzu?
Argi dago egungo polizia ereduak ez digula balio herritarrei. Basakeria eta indarkeria erabiltzen dute edozein herri adierazpenen kontra, eta hori onartezina da. Sakonago ere jarri gaitezke, eta galdetu zein den Poliziaren funtzioa: egungo sistema kapitalismo basatiaren mesedetara dagoen egitura da. Baina horrek beste elkarrizketa baterako emango luke.