‘Bilintx’, kuiak eta espazio-ontziak

El Salto / Erik Uranok utzia

2026ko azaroaren 3a - 16:51
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Erik Urano

Non: Dabadaban, Donostian.
Noiz: Urriaren 31n.

----------------------

Laster esango da zuengatik esaten ohi dena orain gugatik: hil ziran. Halaxe dio Polloeko hilerriko sarreraren gaineko epitafioak. Handik pasatzen naizen aldiro irakurtzen dut esaldia, eta beti marrazten zait irria ezpain-ertzean. Gau beltza da, eguna ilundu berri. Umez jantzitako kuiak elkar beldurtu nahian dabiltza Bilintx, Clara Campoamor eta Katalina Eleizegiren artean. Pozik izango dira, apika, lur azpian; hala gaude gu ere azalean. Doako aparkaleku bi balio du gure zorionak. Xumea, inondik ere. Eta bagoaz, hiru zorion Egian behera, Erik Urano kosmonautaren ontzian aireratzeko prest.

Raplariek entzuten duten raplaria ei da Erik. Gurtua. Bere perlada mundu eta are unibertso artistiko propioak sortzeko tresna bihurtu du eta gai da, ezer zehatzari buruz hitz egiten ez duela dirudien arren, oraina bere ikuspuntu zorrotzetik deskribatzeko eta kritikatzeko. Ez da kasualitea egotea hemen behean, entzuleen artean, euskal rap eta urbano esaten zaien estilo horietako izen garrantzitsu batzuk, belarriak zut.

Ez dizuet kontzertua oso-osorik kontatuko. Gainera, honezkero kantatu ditu abesti erdiak eta ez dakizkit letrak. Bereziki ona iruditu zait lantaldea. Nabarmentzekoa abestien produkzio txukuna. Estilo berezia da, ez baita hip-hop baseen gainean abesten den rap gordina. Esan liteke beste elektronika estilo dantzagarriagoetatik eta trapetik ere edaten duela. Bestalde, big up bat itzal-teknikariarentzat, kontzertuari jite mistikoa txertatzeagatik. Disimuluan baina lortu du musika honek berezko duen iluntasuna ematea artistari. Argiak tarteko, ez dugu ia haren aurpegirik ikusi, nahiz estali ez duen. Espaziotik ziega gorrietara eraman gaitu, lurreratze gogorrik gabe.

Gehienak jada bota ditu Erikek, eta esan beharra dut barrak eta errimak ez zaizkidala estratosferikoak iruditu. Ez diot onak ez direnik. Onak badira. Hala ere, nago estilo hauetan azken aldian euskaraz sortzen ari direnek oso-oso lan txukunak argitaratu dituztela, eta hargatik ez diotela Valladolideko (Espainia) artistari bekaitzez begiratu beharrik, nahiz hizkuntza gainartzailean aritzen den eta Espainiako Estatu osoko areto txukunak betetzeko adina jarraitzaile dituen. Nire aburuz, ez dago kalitate jauzi nabarmenik. Eta poz handia eman dit horretaz jabetzeak.

Bukatu da kontzertua eta ia agurtu gabe egin du ihes eszenatokitik Uranok, bereziki eskertuta aretoko langileek eskaini arreta. Nik ere esker ona sentitu dut amaieran. Esker ona bere lekua zein den dakien erreferente bati, inoiz ez duelako bere burua saldu eta bidea erakutsi dielako atzetik datozenei. Izan ere, egia da bizi oro hasi eta amaitzen dela, baina zaintzen ez dena hil ohi da lehenago. Uste dut berari ere zor diogula biziraupenaren formula zein izan daitekeen erakutsi izana, egun hain bizi daukaguna hilik ez egotea.  


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.