Euskal Herriko Bilgune Feministak bat egin du grebarekin. Gogorarazi du gaur egungo sistema ekonomikoak merkatu erregulatuan gertatzen dena baino ez duela kontuan hartzen eta hortik kanpo gelditzen direla bizitza sostengatzen duten ezinbesteko lanak. Lan horiek “ikusezinak dira, aitortzarik gabeak, emakumeek* eta migratuek eginak”.
Bilgune Feministak adierazi du bizitza bera garestitu egin dela, "ez bakarrik dirutan, baita energian, denboran eta aukeretan ere". Etxebizitza, energia eta elikadura geroz eta garestiagoak aipatu dituzte, baita neurri berean ez hobetzen ez banatzen ez diren soldatak eta lan baldintzak ere. Bilguneren ustez, gero eta zailagoa da bizi baldintza duinak bermatzea.
Gogorarazi du lanaren balioa nork egiten duenaren arabera banatuta dagoela. Sistema ekonomiko erregulatutik kanpo gelditzen diren lan horiek guztiak nabarmendu ditu, “emakumeek* eta migratuek” egiten dituzten lanak, eta gehitu du lan horiek “aitortzarik gabeak eta ikusezinak” direla.
Martxoaren 17ko grebako aldarrikapenak eta kokapenak ez zaizkie berriak, 2023ko Greba Feminista Orokorrean egin zituztelako, bizitzak erdigunean jartzea exijitu zutelako orduan ere. Oraindik aldarri berak betetzeko daudela diote.
Martxoaren 17ko aldarri nagusiari eutsiz, alegia, 1.500 euroko gutxieneko soldatak izatea, hiru datu eman dituzte: 1.500 euro baino gutxiagoko soldatak dituztenen artean %66,91 emakumeak dira; soldatapeko emakume guztien artean %28,69k 1.500 euro baino gutxiago jasotzen du; Euskal Herritik kanpo jaio direnen artean, emakumeen kasuan, %41,31k jasotzen du 1.500 euro baino gutxiago.
Lan ordaindutik haragoko baldintza material duinak eskatu ditu Bilgune Feministak. Hala, “bizitzaren aurka egiten duen egungo sistema kapitalista, biozida, zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialistari aurre egiteko”, soldata duinen aldeko borrokaz gain, egiturako eraldaketak aldarrikatu ditu: zaintza lanen kolektibizazioa, lan banaketa sexuala amaitzea, eta bizitza duinak sostengatuko dituen denboren eta erritmoen berrantolaketa.