argia.eus
INPRIMATU
Bilduk eta Aralarrek aliantza osatzeko aukera aztertuko dutela berretsi dute
  • Bilduko eta Aralarreko ordezkariek aliantza osatzeko aukeraren inguruan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten atzoko bileran, baina ez zuten hauteskundeei begirako erabaki zehatzik hartu. Datozen egunetan eztabaidatuko dute aliantza hori nola eman daitekeen. Bileran parte hartu zuten: Miren Legorburu eta Txelui Moreno (ezker abertzalea); Ikerne Badiola eta Mariano Alava (EA); Oskar Matute eta Begoña Vesga (Alternatiba); eta Patxi Zabaleta, Jon Abril, Rebeka Ubera, Txentxo Jimenez eta Iosu Murgia (Aralar).

    Uxue Barkos NaBai-ko diputatua Nafarroa Bai eta Bilduren arteko aliantzaren kontra azaldu da.

2011ko abuztuaren 17a
Bildu eta Aralarren bilera ekainean

[Asteartea 16] Bildu osatzen duten Ezker Abertzalea, Alternatiba eta Eusko Alkartasunak eta Aralarrek Espainiako hauteskunde orokorretarako aliantza aztertzeko bilera egingo dute gaur, Aralarrek Donostian duen egoitzan. Bilduk abertzale guztien batasuna osatu eta hauteskundeetan alderdi abertzale guztiak zerrenda bakarrean aurkezteko proposamena luzatu die Aralarri eta EAJri. Indar metaketa honekin, Espainiako kongresuan Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea defendatu nahi du koalizioak.

Jeltzaleek ez dute proposamena onartu. EBBko presidente Iñigo Urkulluk esan duenaren arabera, koalizioetan aurkeztea ez da biderik egokiena hurrengo hauteskundeetarako, nahiz eta alderdi abertzaleekin hitzarmenak egiteko prestutasuna azaldu duen. Aralarrek aldiz, bi koalizio ezberdin proposatu ditu hauteskunde orokorretarako: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Bildu eta Aralarrek osatutako koalizioa; eta Nafarroan, berriz, Nafarroa Baik eta Bilduk elkarrekin osatutakoa.

Gaurko bileran gai horien inguruan arituko dira Aralar eta Bilduko ordezkariak.