Bilbotik Gazara: ontzi bete elkartasun berriro ere

  • Global Summud Flotillak misio berria du martxan, eta dagoeneko zenbait itsasontzi Mediterraneora bidean dira. Tartean dago Kate Tenacity ontzia, Bilbon geldialdia eginda; egingo duen lehen etapan, Euskal Herriko kazetarien presentzia izango du. Asteburu osoa eman du itsasadarrean ainguratuta, euskal herritarren babesa jaso eta Palestinaren aldeko kontzientziak pizten jarraitzeko.

Kate Tenacity ontzia, Bilboko itsasadarrean ainguratuta, domekan. Pello Maudo Herrero/ARGIA CC BY-SA

2026ko irailaren 7an - 14:44
Azken eguneraketa: 2026-09-08 10:23
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azken askatasun ontzidia nekez ahaztuko du jendeak. Israelgo blokeoa apurtzera atera ziren 75 itsasontzi Bartzelonako portutik, eta Israelen bahiketa, espetxea, torturak izan zituzten zain; euskal herritarrek Ertzaintzaren borrakadak ere jaso zituzten. “Muturreko indarkeria” pairatu zuten, horrela salatu du GSF Global Summud Flotillak sarritan. “Israelek uste zuen horrenbesteko indarkeriaz kolpatuta, ideiaz aldatuko genuela eta ez ginela Gazara itzuliko aurten. Baina erakutsiko diogu ez gaituela kikilduko eta ez duela palestinar herriarekiko elkartasuna geldiaraziko”, azaldu du Frank J. Romano GSFko kide, Sorbonako Unibertisitateko doktore eta Hagako Auzitegiko palestinarren eskubideen aldeko abokatuak. Bilboko Itsasmuseum-aren kanpoaldean egin ditu adierazpenok igandean, itsasadarraren izkinan dagoen Kate Tenacity ontzitik atera eta ARGIArekin bilduta. Bezperan heldu dira bertara, eta asteartean doaz bueltan, berriz Gazara bidean.

Flotillako kide bat itsasontzi kanpoan. Argazkia: Pello Maudo Herrero/ ARGIA CC BY-SA
"Euskal herrian herri palestinarrarekiko enpatia handia dute, nolabait palestinar borroka Euskal Herriak izan duen borrokarekin identifikatuko balute bezala"
Frank J. Romano, doktore eta abokatua

Despedida kutsua du igande arratsaldeak Bilbon, jai usaina. 50 urte eta karranka ugari ateratzen zaizkion itsasontzi batean sartuko dira 24 lagun eta Atlantikoan zehar bidaiatuko dute hilabete pasatxoz, Mediterraneoan sartu eta Siziliara heldu arte. Han, bost eta hamar tona artean medikamentu hartu, eta beste hamaika herrialdetako kideak batuko zaizkie, enegarrenez itsasoa gurutzatu eta Gazara iritsi asmoz. 24 kide horiek, mundu osotik etorritakoak, baina batez ere ingelesa ahotan, Bilboko itsasadarrean zehar dabiltza paseatzen, bezperan jasotako ongietorri beroa gomutan. 

Flotillako kide bat Kate Tenacity ontzian. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA
“Orain Gazan ikusten ari garena hasieratik zegoen idatzita proiektu sionistan”
Teresa Aranguren, kazetaria

Bezperakoa besteko jendetsua ez den arren, igandean ere egitaraua antolatu dute Palestinaren aldeko zenbait erakundek. Logistikoki ez dirudi oso praktikoa Euskal Herria izatea geldialdi itsasontziak, Mediterraneora heltzeko Iberiar Penintsula osoa inguratu behar baitu. Baina Bristoldik (Ingalaterra) abiatutako ontziak –Irlanda eta Frantziatik igarota–, Euskal Herria izan du jomugan, eta jendearen harrera beroak berretsi die ustea. “Euskal Herriko jendearen energiak eraman gaitu hemengo portu batera etortzera: herri palestinarrarekiko enpatia handia dute, nolabait palestinar borroka Euskal Herriak izan duen borrokarekin identifikatuko balute bezala”, dio Romanok.

Frank J. Romano ARGIArekin elkarrizketan. Argazkia: Pello Maudo Herrero/ ARGIA CC BY-SA

Eta enpatia hori nabaritu da, batez ere, Itsasmuseoaren barrura gerturatu diren ehunka herritarrengan, Palestina, erresistentziak kolonialismo sionistaren aurrean hitzaldia entzuten izan direnengan. Teresa Aranguren Ekialde Hurbilean aritutako kazetariak, bere Palestina, la existencia negada [Palestina, existentzia ukatua] liburua oinarri hartuta, elkarrizketa askotan azaldutakoa azpimarratu du Bilbon ere: Palestinakoa gatazka koloniala dela, 2023, 1970eko urteak edo 1948 aurretik datorrena, eta Mendebaldeak “erabateko erantzukizuna” duela. Berretsi du, hain zuzen ere, sionismoa mugimendu europarra dela sortzez, Palestinako juduek ez baitute inoiz horretan parte hartu, eta hor nabaritzen dela “Mendebaldeko harrokeria”: biztanleriaren %98 baino gehiago judua ez den lurralde batean “estatu judua” sortzeko proiektua martxan jartzea . Alegia, argi eta garbi dio kazetariak: “Orain Gazan ikusten ari garena hasieratik zegoen idatzita proiektu sionistan”.

“Ez da gatazka, kolonialismo eta garbiketa etnikoko prozesua da”
Koldo Alzola, BDZko kidea
Teresa Aranguren Itsasmuseumeko mahai-inguruan. Argazkia: Pello Maudo Herrero/ ARGIA CC BY-SA
“Nakba lege bihurtu nahi dute”
Fouad Baker, ekintzaile eta legelari palestinarra

Koldo Alzola BDZko kide eta Hala Bedi irratiko Uhintifada programako gidariak ere hitza hartu du, hain zuzen ere hitzaren eta sinboloen garrantziaz mintzatzeko; alegia, Israelek erabiltzen duen hizkuntza bera ere arma dela salatzeko. “Ez da gatazka, kolonialismo eta garbiketa etnikoko prozesua da”, laburtu du. Horregatik, dio, Israelen kontakizuna zalantzan jartzen duen oro, arkeologia eta historia, esaterako, “estatu gaiak” dira. Eta, orduan, hizkuntza berreskuratzearen garrantzia aipatzeaz gain, Israeli aurre zelan egin ere jarri du mahai gainean, hizkuntza bakarra ulertzen baitu, bere hitzetan, estatu sionistak: diruarena. Horrela, bada, Israelekiko harremanak moztu eta “ekonomikoki ito” behar direla azaldu du Alzolak, eta adibide zehatzak jarri ditu mahai-gainean: CAF eta Sidenor enpresak, edota Ertzaintza bera, sionisten eskutatik jasotako entrenamenduagatik.

Koldo Alzola, BDZ eta Hala Bedi irratiko kidea, mahai-inguruan. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Ontzidia, itxaropen iturri

Arangurenekin eta Alzolarekin batera izan dira Fouad Baker eta Elizabeth Murray; lehena egun Bilbon bizi den errefuxiatu palestinar legelari eta ekintzailea da; bigarrena, AEBetako Gobernuko Ekialde Hurbileko kanpo harremanetan lan egin ostean, flotillara batu den ekintzailea. Biak ala biak, bakoitza beretik, Palestinako egoeraz mintzatu dira. “Genozidio integral” terminoa erabili du Bakerrek Palestinan egiten ari direna azaltzeko: ez dira ari jendea hiltzen, herri oso bat, kultura bat, hizkuntza bat nahi dituzte hil. “Dena desagerrarazi nahi dute, Nakba lege bihurtu nahi dute”, dio.

Fouad Baker ekintzaile eta legelari palestinarra, mahai-inguruan. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Murrayk azaldu du Jordaniara lanera bidali zutenean, eta Jerusalemera sartu-irtenak egiten zituenean ikusi zituela soldadu sionistak ume palestinarrak jazartzen, Lehen Intifadaren garaietan. Izugarrizko “deshumanizazioa”ikusi zuen bertatik bertara. “Begiak zabaldu nituen, konturatu nintzen erakutsi zidatena propaganda baino ez zela”, dio estatubatuarrak; eta konturatu zela bere gobernuak bultzatzen zuela hori neurri handi batean. Hortik, flotilletan parte hartzera egin zuen salto, eta oraingoa du hirugarrena. “Itsasontzi horiek mezu bat dira. Blokeoak apurtu daitezkeela diote, muga izatea nahiko luketen itsasoa askatasunerako bide dela”, dio Bakerrek.  Laguntza humanitarioa ere badaramaten arren, flotillako kide bat jendaurrean mintzatu da eta azpimarratu du beren jarduna politikoa dela, ez dela humanitarioa: beren helburua da Israelen blokeoa apurtzea eta, era berean, han gertatzen ari dena ikusaraztea.

Elizabeth Murray flotillako kidea. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Bakerren hitzek jendearen txalo zaparrada piztu dute, baita Murrayrenak ere, gogorarazi baitu aretoan azken flotillan izandako kideak daudela, “atxilotu, bahitu eta torturatutakoak”, eta Bilbotik aterako denean ere joango direla: “Hori erresistentzia da”. Hitz horien ostean, aretoa zutik, txalo zaparrada luze bat eskaini diete bertan diren flotillako kideei.

Flotillako zenbait kide, publikoaren txaloak jasotzen. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

Jazarriak

Israelgo armadaren bahiketa eta torturak oso presente egon dira igandeko egitarau osoan: batetik, lehen pertsonan bizi izan duen jendea izan delako Bizkaiko hiriburuan; baina bestetik, genozidioaren aurrean, hura salatzen dutenak jazartzea eta kriminalizatzea salatzeko. Wael Naouar GSFko zuzendaritzako kidearen egoera salatu dute bertako kideek, sei hilabete baitaramatza Tunisiako kartzela batean; azken bi asteetan gose greban. “Ez dago arrazoi juridikorik bera kartzelan mantentzeko, arrazoi guztiz politikoengatik dago”, azaldu du Romanok. Bere egoeraz kezkaz mintzatu da legelaria, “arnasketa arazoak” baititu, egoera “oso zailean” dago.

Mahai-inguruaren ostean, aldiz, hitza hartu du aurtengo ekainean Espainiako Poliziak “Hezbollah-rekin harremana dutelakoan” atxilotutako Iranekin bat plataformako kideetako batek. Hark ere, Auzitegi Nazionaletik pasatu ostean, jazarpena salatu du, elkartasuna delitu gisa epaitu dutela salatu.

Giro beroan amaiera

La Furia eta La Basuren kontzertuekin eta Follow the Party-ren dantzaldiarekin eman diote amaiera egunari. Palestinaren aldeko eta sionismoaren aurkako esaldi ugari entzun dira, eta Palestinaren alde gorputza jartzen dutenei gorazarre egin diete guztiek ala guztiek.

Kate Tenacity itsasontzia. Argazkia: Pello Maudo Herrero / ARGIA CC BY-SA

 


2026ko irailaren 30
Asier Herranz eta Youssef Brahim, Palestinaren aldeko ekintzaileak
"Palestina defendatzea terrorismoa bada, nazioarteko komunitatearen %40 terrorista da"

2026ko irailaren 30
Hipokresia

2026ko irailaren 9
Ertzainen mediku txostenak argitara
Flotillakideei oldartu, eta lesioak salatu

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.