Bilbon lehen bizikleta zuriaren hamargarren urteurrena


2026ko maiatzaren 15ean - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Elkarte batean mugarri batzuk daude eta inflexio puntu bat adierazten dute. Guretzat (Biziz Bizi, Bilboko hiri txirrindularien elkartea) gure hirian txirrindulari baten heriotza irudikatzen zuen lehen bizikleta zuria jartzea, horietako bat izan zen.

2016ko ekainaren 1ean gertatu zen, eta aurten hamar urte beteko dira. Javier Bueno Aranzabalek 40 urte zituen Bilbobus batek harrapatu zuenean, eta hilabete koma egoeran egon ostean hil zen. Bi urte geroago, bigarren bizikleta zuria jarri genuen Ireneren oroimenez, kamioi batek harrapatuta Autonomia kalean.

Bagenuen gure zaurgarritasunaren berri, bagenekien, edo agian sumatu besterik ez genuen egiten, baina Javiren heriotzak gordintasun osoan ikusarazi zigun, oinaze guztian. Javi gutako edonor izan zitekeen, egunez egun, auto ahalguztidunaren agindu nagusiei kontra eginez, bizikleta garraiobide gisa erabiltzen dugun edonor.

Javi gutako edonor izan zitekeen, egunez egun, auto ahalguztidunaren agindu nagusiei kontra eginez, bizikleta garraiobide gisa erabiltzen dugun edonor

Arrazoi askorengatik egiten dugu. Bizikletaz mugitzen garen pertsona guztiontzat bizikleta gozamena, plazera, erosotasuna, azkartasuna, ekonomia, eraginkortasuna, osasuna... da, baina, horrez gain, ingurumena errespetatzen dugu, ez baitugu kutsatzen. Gainera, oso eskuzabalak gara, galtzadan dugun posizioak errekuntza-ibilgailuen ke txarrak ez ezik, balazta eta pneumatikoen partikulak ere arnastera behartzen baikaitu.

Egunetik egunera gero eta gehiago gara, eta, hala eta guztiz ere, gure udalak ez du gure aldeko apusturik egiten, ez du mugikortasun eredu iraunkorraren alde egiten, eta kontrara, dirutza xahutzen du, egungo eta etorkizuneko belaunaldiak hipotekatzen jarraitzen du, auto ahalguztiduna jomugan duten megaproiektu faraonikoen ereduaren alde. Hurrengo zentzugabekeria ibai azpiko tunela da, eta, egitekotan, ibilgailu gehiago ibiliko dira zirkulazioan eta mugikortasun jasangarriari eta ingurumenari buruzko politika berri guztiak urratuko ditu.

Hamar urte igaro dira eta elkarteak ehun martxa baino gehiago egin ditu, inguruko herrietara bizikletarentzako bide seguruak aldarrikatzeko. Badirudi Getxorako bidegorria, azkenean, desiratutako errealitate bihurtuko dela.

Ez gara Paris. Bertan, alkate berriak, bizikletaz, irribarretsu zeharkatzen ditu kaleak bere garaipenaren ondoren, hiriaren humanizazioaren aldeko keinu argian, bere aurreko Anne Hidalgok hasitako bidean. Horregatik, gorputza, gure gorputz zaurgarria, egunero jartzen jarraitzen dugu pertsonentzako hiri atsegin bat berreskuratzeko borrokan.

Garrantzitsua da zifra ikaragarri hau gogora ekartzea: Bizkaiko Foru Aldundiaren 2024ko datuen arabera, egunero 290.000 ibilgailu sartzen dira Bilbon, 348.000 biztanleko hirian. Gehienek pertsona bakarra garraiatzen dute. Haien kea eta balazta- eta pneumatiko-partikulak arnasten ditugu, eta gure hiri-espazioaren ehuneko handiegia hipotekatzen dugu horiek hartzeko. 

Maiatzaren 30ean, goizeko 11:00etan, Ramon Basterra poetaren plazan jarri genuen lehen bizikleta zuri horretan elkartuko gara, Javi eta hainbat arlotan izan duen aktibismo-ibilbidea berriro gogoratzeko, eta bide batez, erakundeei ere gogoratuko diegu gure zaurgarritasuna txikiagoa dela bide seguruak ditugunean eta herritarrengan pentsatzen duten politikariak ditugunean. Gonbidatuta zaudete.

Biziz Bizi Bilboko hiri txirrindularien elkartea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.