Luxuzko hoteletako bisitariek ere aparteko zergak ordaindu beharko dituzte, hotelaren izarren araberakoak. Udalak jakinarazi du zergak areagotu egingo direla datorren urtetik aurrera, prezioen garestitzearen ondorioz, familien egoera ekonomikoa hobetzeko helburuarekin eta bisitariek herriko zerbitzuetan ekarpena egin dezaten.
Bilboko Udalak jakinarazi du datorren urtean Ostatu Turistikoen gaineko Zerga ezarriko duela indarrean. Horri jarraiki, hirira bertaratu eta apartamendu turistikoetan ostatu hartzen dutenek eguneko 6,5 euroko zerga ordaindu beharko dute, eta bost izarretako hoteletan geratzen direnak, aldiz, 5 eurokoa.
Udaleko Ogasun zinegotzi Carlos Urgoitik azaldu duenez, helburua familiei "ahalmen ekonomiko handiagoa" bermatzea da, prezioak etengabe gora egiten duten honetan. Gauzak horrela, araudiaren araberako zergak ezarriko dituzte apartamendu turistikoetan eta erabilera turistikoko etxebizitzetan. Araudian ezarritako gutxieneko tasak gaindituko dituzte. "[Horrela] Gure hiriaz aldi baterako gozatzen dutenek zerbitzu publikoen finantzaketan zentzuzko ekarpena egingo dute, Bilbok helmuga turistiko gisa duen lehiakortasuna kaltetu gabe", esan du Urgoitik.
Hoteletan ere zerga
Apartamenduetan soilik ez, hoteletan ostatu hartzen dutenek ere zergak ordaindu beharko dituzte. Bost izarretako hoteletan geratzen den pertsona orok gaueko 5 euro ordaindu beharko ditu; lau izarretan geratzen denak 4 euro; hiru izarretakoan 2 euro; bi izarretakoetan 1,5 euro; eta izar bakarrekoetan euro bat. Zerga bera aplikatuko zaie ostatuetan, aterpetxeetan, kanpinetan eta landetxetan geratzen direnei.
Bestalde, gurutzaontzietan iristen denak 6 euro ordaindu beharko ditu gaueko.