Bilboko Udaltzaingoak ere ez du atxilotuen jatorririk aipatuko

  • Udaltzaingoak atxilotuen jatorria emateko egindako eskaera egin du PPk ostegun honetan, baina Bilboko Udalak atzera bota du. Alabaina, udalbatzak eskatu dio udal gobernuari segurtasun politikak eta bizikidetza indartu ditzala, beti ere 2024an onartutako segurtasun itunaren testuinguruan.

Bilboko Udala

2026ko urtarrilaren 29an - 17:39
Azken eguneraketa: 2026-02-01 12:41
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

PPren aburuz, segurtasun munduko profesionalen arabera, atxilotuen jatorria jakitea ona da operatiboak prestatzeko, edota delinkuentziaren gorabeherak aztertzeko. Gardentasunagatik ere, herritarrek atxilotuen jatorria ezagutzeko eskubidea dutela azpimarratu du PPko zinegotzi Esther Martinezek. Ez du jaioterririk aipatu, baina zehaztu du lapurretagatik atxilotutako %67k “jatorri zehatz bat” duela. Halaber, atxiloketa gehiago egitea eskatu dio udaltzaingoari, horrek Bilboko segurtasun arazoak hobetuko dituelakoan.

Eskaera hori atzera bota du udalbatzak eta, aldiz, udal gobernuak gaiaren bueltan egindako eskaera onartu du: udalak indartu ditzala segurtasun eta bizikidetza politikak, kontuan hartuta 2024an onartutako segurtasun ituna. Hura alderdi guztiek onartu zuten, PPk salbu. EH Bilduren baiezkoarekin eta Elkarrekin Bilbaoren abstentzioarekin onartu da.

EAJko Segurtasun Zinegotzi Amaia Agirrek onartu du bizikidetza arazoak gero eta gehiago lotzen direla segurtasun arazoekin, baina gogora ekarri du segurtasun itunean inork ez duela atxilotuen jatorria emateko proposamenik egin. Horrez gain, EAJk onartu du delituak errepikatzen duen jendea arazo bat dela, “baina arazo txikia”, 2025eko udaltzaingoaren datuetan, 2.114 delitu izan zirelako eta horietan 275 pertsona zirelako berrerorleak.

EH Bilduko bozeramaile Maria del Riok gogorarazi du PPren eskaera eta hitzaldia xenofoboak direla, eta Arartekoa bera ere atxilotuen jatorria ematearen aurka azaldu zela Ertzaintza iaz jatorri hori ematen hasi zenean. PSOEko Nora Abeteren esanetan, atxilotuen jatorriak ez du delinkuentziaren zergatirik argitzen, “zergati horiek pobrezia edo zaurgarritasunetan arakatu behar dira”. Talde politiko batzuek segurtasun datuak beldurra areagotzeko, migratzaileak seinalatzeko eta immigrazioaren eta delinkuentziaren arteko lotura faltsua eraikitzeko erabiltzen dutela salatu du.

Elkarrekin Bilbaoko Ana Viñals eledunaren ustez, PPk herriak eta pertsonak seinalatzen eta estigmatizatzen ditu; halako eztabaidek bizikidetzari kalte egiten diote eta xede bakarra dute, botoak irabaztea: “Suarekin eta bake sozialarekin jolasten ari dira”. Orain-en jarraitu daitezke albistearen xehetasun gehiago.

PPk eta Voxek eskatu bezala, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak joan den urrian iragarri zuen atxilotuen jatorriaren berri emango zuela Ertzaintzak, informazio horrek “delinkuentziaren diagnostiko zehatzago bat” egiten lagunduko zuela argudiatuta. 


Polizia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin