Gaur goizean 8:30tan etxegabetu behar zituzten lau bizilagun, tartean bi adin txikiko. AZETek mobilizazioa deitu du, eta Poliziak ez du etxegabetzea gauzatu.
Bilboko Santutxu auzoko Iturribide karrikan egitekoa zen etxegabetzea, baina AZET etxebizitza sindikatuak mobilizaziora deitu du, eta Poliziaren esku-hartzea oztopatu du momentuz. 8:30 aldera agertu dira Ertzaintza eta Udaltzaingoa, baina 100 bat pertsona aitzenean izanik handik gutxira alde egin dute. Sindikatuak sareetan adierazi duen gisara, "Ziurtapen ofiziala jaso arte ez gara Patriciaren ataritik joango". Arratsalde honetan jakinarazi duen bezala sindikatuak, etxe aurreko zaintza utzi dute baina ez alerta egoera.
Etxegabetzea dibortzio-epai judizial baten ondorioz gauzatu dela salatu du AZETek, eta auziaren ondorioz etxegabetua izateko arriskuan dagoen Patriciaren senar ohiari eman diotela etxebizitzaren jabetza, azken horrek beste bi etxebizitza baditu ere. Gainera, AZETek azpimarratu duenez, etxearen jabetza Patriciaren izenean agertzen ez den arren, emazte ohiak hilero ordaindu zuen etxea erosteko zegokion zatia.
Sindikatuak "kapitalaren egiturazko indarkeriaren beste adibide garbienetariko bat" salatu du, eta kasu honetan "indarkeria patriarkal gisa" ere islatzen dela. Instituzioek etxegabetzeak oztopatzeko dituzten gabeziak ohartarazi du, baina baita Bilboko Udalaren jarreraz ere: egoeraren jabe izanik ere, ez du "etxebizitza-alternatiba erreal eta duinik eskaini", eta etxegabetzea gelditzeko ere ez du neurririk hartu.