Bilboko Portuan langile bat hil da eta sindikatuek prebentzio falta salatu dute beste behin

  • Bilboko portuan Bergé enpresarentzat lanean ari zen 46 urteko behargina hil da, gurpil bat aldatzen ari zela lehertu denean. Sindikatuek ikerketa zorrotza eskatu dute gertatutakoa argitzeko. Aurten 62 pertsona hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela, LABen arabera.


2026ko urriaren 21 - 10:02
Azken eguneraketa: 11:41
Bilboko Portuan izan da azken laneko heriotza. Bilbo Hiria
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Astearte arratsaldeko lehen orduan, Santurtzin (Bizkaia), Bilboko Portuan 46 urteko langile bat hil da, dirudienez gurpil bat aldatzen ari zela lehertu egin denean. Gertaera jazo den tokira larrialdi zerbitzuak iritsi dira, baina ezin izan dute ezer egin langilea bizirik mantentzeko.

EFE agentziaren esanetan, Euromaster enpresako langilea zen, eta momentu horretan Berge logistika multinazionalarentzat ari zen lanean. Bilboko Portuko operatzaile handienetako eta zaharrenetako bat da Berge, ontziak zamatu eta hustera bideratzen du bere jarduna.

Sindikatuek Osalani eta Lan Ikuskaritzari ikerketa zorrotza eskatu diete gertatutakoaren arrazoiak argitzeko. UGTren esanetan, "zehaztu beharko lirateke segurtasun neurri guztiak betetzen ote ziren". Sindikatuak gogorarazi du portu ingurua "arrisku handiko eremua" dela, bertan erabiltzen den makineria eta etengabeko garraioagatik. "Lan istripuak ez dira zoriaren edo fatalismoaren ondorio, prebenitu daitezke eta prebenitu beharko lirateke", gaineratu du.

Bilboko Portuko Langileen Koordinadorak eta ELAk ere gertatutakoa ikertzeko eskatu dute eta prebentzio neurriak hartzeko eta lan istripuak amaiarazteko "borondate politiko falta" salatu dute. Hain justu, duela urtebete portuan izandako beste istripu larri baten harira ere prebentziorik eza nabarmendu zuen ELAk. 

Egunotan mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute langileen ordezkariek.

62 behargin hilda aurten

LAB sindikatuak egin ohi duen kontaketaren arabera, aurten Euskal Herrian 62 behargin hil dira jadanik. Iaz 84 lagun hil ziren lanean ari zirela istripuen ondorioz, eta 2024an 64 lagun. Azken bost urteetan, berriz, 400dik gora dira hildakoak.


Lan istripuak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.