Bilboko Mugimendu Feministak “emakumeek eta disidentziek” Aste Nagusiaz gozatzeko duten eskubidea aldarrikatu du

  • Arriaga plazan egindako agerraldian feministek ohartarazi dute ez dutela inolako "eraso matxistarik, LGTBIfoborik ezta arrazistarik" onartuko. Antolakuntza eta autodefentsa feministarekin, jaien erdigunea okupatzen jarraituko dutela nabarmendu dute, "dagokien lekua" delako. 


2026ko abuztuaren 21ean - 10:04
Azken eguneraketa: 11:16
Bilboko mugimendu feminista
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bilboko Arriaga plazaren inguruan antzeman daiteke geroz eta gertuago dagoela Aste Nagusia. Konpartsak azken ukituak ematen ari dira eta beste batzuk Marijaia atontzen; orduak besterik ez dira falta festa lehertzeko Bilbon. Jai giroak bederatzi egunez kaleak hartu baino lehen, halere, Mugimendu Feministak agerraldia egin du ostegunean Arriaga plazan, gogoratzeko emakumeak eta disidentziak ere jaien parte direla, eta ez dela onartuko inolako erasorik. 

Jaietako antolatzaileak, konpartsakideak, dantzariak, musikariak... Mugimenduak azaldu du emakume zein disidentziak Aste Nagusiko "erdigune eta ertz guztietan" daudela, nahiz eta batzuek ikus nahi ez izan, dioenez. "Emakumeok, transok eta bollerok ezin dugu jai giroaz gizonezkoek bezain aske gozatu erasoen itzala beti baitugu gainean", salatu du, gogora ekarrita udan honetan Euskal Herrian izandako sexu erasoak. 

Gainera, oldarraldi erreakzionarioarekin, feministek nabarmendu dute erasoak salatzerakoan "diskurtso antifeminista, transfobo eta arrazistei" aurre egin behar dietela. Horregatik, txupinazorako orduak faltan, aldarrikatu dute Aste Nagusian ez dela inolako "eraso matxistarik, LGTBIfoborik eta arrazistarik" onartuko: "Emakumeen, transen, bolleren, emakume migratu edo arrazializatuen edota bestelako gorputz eta disidentzien kontrako erasoa gu guztion kontrako erasoa da".

Gauzak horrela, elkartasuna helarazi diote orain aste batzuk Bilboko Udaltzaingoak indarrez atxilotu zuen manteroari, gogoratuta "urtero-urtero Poliziaren hamaika eraso" jasan behar dituztela kaleko saltzaileek. 

Antolatu eta zaindu, baina gozatu ere bai

Sistema kapitalista, zisheteropatriarkal eta arrazistak "sortu eta betikotzen" dituen erasoen aurrean, argi esan du Mugimendu Feministak: "Antolakuntza eta autodefentsa feministaz erantzungo diegu". Emakume eta disidentziek "dagokien erdigunea" okupatzen jarraituko dutela adierazi du mugimenduak, eta hori egiteko, "elkar zaintzeaz gain", bidea oztopatzen duena geldiaraziko dutela. "Erasotzera zatozen hori, jaiak aske bizitzen uzten ez diguzun baboso hori, zure lagun matxiruloaren konplize zaren hori... Honezkero jakin beharko zenuke: Ez badakizu egoten ez etorri", aldarrikatu du.

Urteetan Bilboko Konpartsekin elkarlanean eraikitako sare eta aliantza feminista azpimarratu dute, eta aurten ere horretan jarraituko dutela iragarri. "Txosnaguneak, kontzertuak eta lagunartea gure egingo ditugu zaintzaz eta gozamenez, Aste Nagusia feministona ere badelako. Elkar zaindu, baina batez ere gozatu". 

Udalak eta konpartsak berriki jakinarazi dute protokolo feminista ezarri eta puntu moreak jarriko dituztela gune ezberdinetan, baita 24 orduko telefono zerbitzua ere, "eraso matxista, LGTBIfobo eta arrazistei aurre egiteko". 


Feminismoa kanalean gehiago
2026ko irailaren 2
Adriana Muñoz, Guatemalako Otrans erakundeko kidea
"Demokraziak emakume transak ahazten jarraitzen du"

2026ko abuztuaren 24
Basauriko Hamaikak
Abortuaren jazarpena, epaitua

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...