Bilbo Feminista Saretzen elkarteak Martxoak 8ko Bilboko manifestazioan gertatutako eraso baten berri eman du. Emakume zuri batek ijito-aktibista bat bultzatu eta “formatu zaitez, ez duzu ideiarik egiten ari zarenaz” esan izana salatu dute.
Martxoaren 8an Bilbon egindako manifestazioaren bloke antiarrazistan eraso bat gertatu zela salatu du Bilbo Feminista Saretzen elkarteak. Adierazpenarekin bat egin duten elkarteak ondorengoak dira: Romi Berriak, Emakume Migratu, Amuge, Feministas por Nicaragua eta Red Migradas y Racializadas EH. Bilbo Feminista Saretzen taldeak adierazi du aktibistak lelo antiarrazista eta antifaxistak abesten ari zirela, emakume zuri bat ijito-aktibista batengana hurbildu, bera bultzatu eta “formatu zaitez, ez duzu ideiarik egiten ari zaretenaz” esan zion. Hura lasaitzen saiatzean eta errespetua ez galtzeko eskatu ziotenean beste emakume zuri bat gerturatu zen, “aktibista beldurtzen saiatu” eta “lasai, lasai” esanda.
Emakume zuri aktibistek esku hartu zutenean eten zen gatazka, elkarteak azaldu duenez. Sare sozialetan argitaratu duten adierazpenean, “gertatutakoa gaitzetsi” eta manifestazioak “espazio seguruak” izan behar direla azpimarratu dute. Nabarmendu dute ez dituztela “inolako eraso eta mespretxurik” onartuko eta “indarkeria arrazista, faxista eta ijitoen aurkako” guztiak amaitu behar direla. Aldarrikatu dute ez dagoela feminismorik "antiarrazismoak, antifaxismoak eta borroka horietan gorputza jartzen" duten aktibistarik gabe.