Bilbon egindako elkarretaratzean, konpartsek erakunde publikoei eta hedabideei egotzi diete kaleko saltzaileak “etengabe eta krudel” erasotzea, eta gelditzeko eskatu diete.
Abuztuaren 27an, Aste Nagusi betean konpartsek emandako prentsaurrekoan, Bizkaiko hiriburuko jaien oinarrizko bi printzipioak azpimarratu dituzte: Aste Nagusia pertsona guztientzat dela eta ez dutela inolako erasorik onartzen, “erasotzailea edozein dela ere”. Bi ideia horiek Aste Nagusiaren lehenengo egunetik “sistematikoki eta neurrigabeki” eraso dituztela adierazi dute. Eraso “etengabeak, lotsagarriak eta krudelak” erakunde publikoei eta hedabideei leporatu dizkiete. Ordezkari politikoen adierazpenak kritikatu dituzte, eta zehaztu dute modu esplizituagoan Polizia ari dela “ankerkeriaz, indarkeriaz eta diskriminazioz” jokatzen. Konpartsek instituzioei eta Poliziari arrazismoa eta kriminalizazioa bukatzeko eskatu diete: “Ez da zilegi, segurtasunaren izenean, hiri honetako kaleetan saltzen bizirik irauten saiatzen diren pertsonak kriminalizatzea”. Gehitu dute saltzaileen atzean ez dagoela erakunde kriminalik. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Euskadi Irratiari abuztuaren 24an eskainitako elkarrizketan, esan zuen kaleko saltzaileak “erakunde kriminal baten parte” direla.
Konpartsei ulergaitza zaie “segurtasunaren eta ongizatearen alde” egiteko, saltzaileei merkantzia kentzea, “kalean saltzen ari diren, gogor lanean ari diren eta, gainera, egoera zaurgarrian dauden pertsona batzuei”. Saltzaileak lan-baldintza “onartezinetan” aritzen direla azaldu dute, eta errealitate hori aldatzeko lanean aritu beharrean, arduradun politikoek “hertsatzeko neurriak baino” ez dituztela erabiltzen salatu dute.
Udalari gogorarazi diote “gero eta herritar gehiagok” babesten dutela saltzaileen kolektiboa eta “akats larria” litzatekeela “beste aldera begiratzea eta ez onartzea Bilboko bizilagunak manteroekin” daudela.