argia.eus
INPRIMATU
Urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera deitu dute, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko
  • Etxera bidea gertu lelopean manifestazio bateratua egingo dute Sarek eta Bake Bidea-Bakegileek, pandemiagatik bi urtez mobilizazio jendetsu hori egin gabe egon ostean. “Duintasuna eta bizikidetza lortzeko itxaropena” ere izango dituzte aldarri, euskal presoen etxeratzeaz gain.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 15a
Sare herritarrak eta Bake Bidea-Bakegileek batera egingo dute Bilboko manifestazioa. / Argazkia: Sare.

Asteartean aurkeztu dute urtarrilaren 7ko manifestazioa, pandemiako bi urteren ostean berriro antolatu dutena. Sarek eta Bake Bidea-Bakegileek batera egingo dutela iragarri dute, eta denak Bilbon elkartuko direla jakinarazi –Baionan ez da manifestaziorik izango, aurrekoetan egin ohi ez bezala–. Euskal presoen eskubideen alde elkartuko dira milaka lagun, eta antolatzaileek prentsaurrekoan azaldu dute lanean segituko dutela: “Gure ahalegin guztiak egingo ditugu espetxe-politika arrunta aplika dadin, eta behin betikoz, orain arte aplikatu izan den salbuespen egoera amai dadin”.

Urtarrileko manifestazioa “orain” egitearen garrantzia azpimarratu dute: “Orain da garaia, orain! Asko baitira lortu gabe dauden helburuak, eta horien konponbidea euskal gehiengo politiko eta sindikalen bultzadaren esku dago, baina baita, funtsean, jendartearen mobilizazioaren menpe ere”. Arratsalderako deitu dute mobilizazioa, beste urteetan bezala: 17:00etan abiatuko da Bilboko Autonomia kaletik udaletxera. “Bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen aldeko mezua” zabaldu nahi dute, Etxera bidea gertu lelopean. Gainera, goizean Euskalduna Jauregian ekitaldia egingo dute, hainbat alderdi politiko, sindikal eta erakunderekin batera.

Urruntze politikaren amaiera

Sarek eta Bakegileek nabarmendu dute presoen eta haien senideen eskubideetan aurrera egitea lortu dela azken urteetan. “Hamarkada luzeetan pairatutako eskubide urraketetako bati amaiera emateko atarian gaude: urruntze politikaren amaieran, alegia”. Lorpen hori goraipatu dute, gogorarazita oraindik hemeretzi preso urrunduta daudela. Halaber, azpimarratu dute Ipar Euskal Herrian “etapa berri baten perspektiban” sartu direla, Ion Paroten eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunaren ostean.

Dena dela, ohartarazi dute Frantziako eta Espainiako Estatuetan “presio-taldeak” daudela, “konfrontazioa eta sufrimendua betikotzeko interes handia” dutenak. Espainiako Auzitegi Nazionala aipatu dute, Ministerio fiskalaren bidez presoen etxeratzeak blokeatzen ari dena. Urtarrileko martxa jendetsuaren antolatzaileek berretsi dute borrokan jarraituko dutela euskal preso guztiak etxeratu arte.