Bilboko hainbat etxebizitza komunitariotako “lan esplotazio matxista eta arrazista” larriak salatu ditu LABek

  • Adinekoentzako sei egoitza eta bederatzi etxebizitza komunitario administratzen dituen enpresaburuaren jarduna salatu du sindikatuak. Esplotazioa salatzeaz gain, "erantzukizunak hartzea" galdegin die Bizkaiko Foru Aldundiari –zentro horien lizentziak ematen dituen instituzioa izanda– eta Eusko Jaurlaritzari. 

LABen protesta, urtarrilaren 15ean Bilboko Foru Jauregiaren aitzinean. LAB

2026ko urtarrilaren 15ean - 11:33
Azken eguneraketa: 15:39
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bizkaiko Foru Jauregiaren aitzinetik salatu du egoera asteazkenean LABek, ekintza bidez, zenbait langile elkarri kateatuta. Enpresaburu batek bere etxebizitza komunitarioetan "lan esplotazio matxista eta arrazista" bideratu izana argira ekarri dute protestaren bidez. Zehazki, emakumeak eta bereziki egoera administratibo irregularrean dauden langile migratu edota arrazializatuak esplotatzen ari dela azaldu dute agerraldian. 

Bizkaian sei egoitza eta bederatzi etxebizitza komunitarioren administratzaile gisa ageri da enpresaburua eta LABek dioenez, azken urtean 2 milioi eurotik gorako etekin garbiak pilatu ditu. 2024ko abendutik aitzina, bertan enplegaturiko gero eta langile migratu edota arrazializatu gehiago jaso ditu LABek. Askotarikoak dira gehiegikeriak: hitzarmenaren azpiko soldatak, ordu extrak, kotizaziorik eta kontraturik gabeko enpleguak eta beste. 2025eko abuztuan langile migratu arrazializatu batek sindikatuan salatu zuen kasua ere azaldu dute agerraldian: hiru urtez lanean aritu ondoren, lanaldi erdiko idatzizko kontratua agindu zioten, baldin eta Gizarte Segurantzaren kuota osoa bere gain hartzen bazuen. Langilea, gainera, zortzi hilabeteko haurdunaldian zegoen eta enpresariak baja eskubidea ukatzen zion.

Bizkaiko Foru Aldundia da zentro horiei lizentziak ematen dizkiena. Hori horrela, "erantzukizunak hartzea" galdegin diote agerraldian: "Ezin dugu kate hau erreproduzitzen jarraitzea onartu. Nahikoa da administrazioek beste aldera begiratzearekin". Zentzu horretan, enpresaburuen jarraipena eta kontrola ezinbestekotzat du LABek. Eusko Jaurlaritzak ere "ardura bikoitza" duela deitoratzen du sindikatuak. Etxebizitza horiek Eusko Jaurlaritzaren 1998ko dekretu batek arautzen ditu; dekretu "ahul eta zaharkitua, hutsune askorekin, zigorgabetasun jakin bat ahalbidetzen duena eta egoera hauek ugaritzeko bidea irekitzen duena". Bigarren hutsune bat ere ikusten dute Eusko Jaurlaritzaren jarreran: "Harreraren eta integrazioaren diskurtso bikoitzaren aterkian, nabarmena da lan-baimenen erregularizazioan bere gain har ditzakeen eskumenak gauzatzeko utzikeria eta benetako interes falta. Horixe da kide hauen babesgabetasunaren erroa, urraketa egoera berezi honen iturburua, patronalak espekulatzeko, mehatxatzeko, xantaiatzeko eta etekina ateratzeko baliatzen duena".

Berez, etxebizitza komunitarioetako langileen lan baldintzak Bizkaiko Adinekoen Egoitzen Hitzarmen Kolektiboaren arabera arautzen dira. Hala ere, LABek dio langile hauen kasuan, errealitateak nabarmen aldatzen direla jatorriaren, arrazaren eta egoera administratiboaren arabera. Hori horrela, sindikatuak argi du: "Esplotazio sare arrazista eta matxista da, baldintza desberdineko langileen sistema mailakatua egituratzen duena; langileen arteko harremanak galarazten dituena, eta xantaia eta mehatxua modu instrumental batean erabiltzen dituena".

Kudeaketa pribatuko etxebizitzak dira etxebizitza komunitarioak eta, teorian, autonomia maila jakin bat dute adineko pertsonentzako bizileku-irtenbide gisa funtzionatzen dutenak. Ohiko zahar-etxeak baino txikiagoak dira, etxebizitza bakoitzak 10-14 ohe inguru ditu, eta gehienez lau langileko plantilla erabiltzaileei arreta emateko –zaintza, laguntza, garbiketa pertsonala, elikadura eta medikazioa– eta mantentze-lanak egiteko –garbiketa, sukaldea, eta abar–.

Zaintza, pribatizatuta eta merkantilizatuta

Lan esplotazioa matxista eta arrazista hori zaintza ereduarekin lotu du LABek: pribatizazioarekin eta merkantilizazioarekin errimatzen duen zaintza sistemari. Bilakaera horren erantzuleak erakunde publikoak direla salatu dute agerraldian, pribatizazio-politiken bidez emakume horiek "hirugarren mailako langile" bihurtzen dituztelako, finean, emaitza ondokoa izanik: "Enpresa pribatuei irabazi ekonomikoak pilatzen uzten dizkiete oinarrizko eskubideak zapaltzearen kontura".  Horregatik ere deitu dute martxoaren 17ko greba orokorrera, gutxieneko soldata propio baten alde: "Esplotazioari frenoa jartzeko, zaintza negozio bihurtzen dutenen segmentazio arrazista, matxista eta klasistarekin amaitzeko, eta sektore honentzat zein langile klase osoarentzat bizi- eta lan-baldintza duinak bermatzeko".


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Lan eskubideak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.