450 kulturgilek baino gehiagok eskatu dute Bilboko eta Gasteizko txosnetan Mugimendu Sozialistari parte hartzen uzteko

  • Ortzegun honetan egin dute Bada Garaia ekimenaren jaialdia, Bilboko Kafe Antzokian. Ekimenarekin bat egin duten artisten zerrenda jakinarazi dute, eta hor dira, bertzeak bertze, Eñaut Elorrieta, Pantxoa eta Peio, Uxue Alberdi, Evaristo, Joseba Sarrionandia, Toti Martinez de Lezea, Itziar Ituño eta Fermin Muguruza.

Bada Garaia jaialdia Bilboko Kafe Antzokian, ortzegun honetan Bada Garaia

2026ko ekainaren 5ean - 08:58
Azken eguneraketa: 11:37
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), Etxebizitza Sindikatuak eta Bilboko Luberri Konpartsak maiatzaren 20an aurkeztu zuten Bada Garaia ekimena, txosnetan duten “betoa” salatzeko eta parte hartzea eskatzeko. Euskal Herriko 450 kulturgilek baino gehiagok batzea erabaki dute, haiek ere "jaien parte" direlako, eta "kezkaz" bizi dutelako.

Gasteizen sei urte dira txosna paratzeko aukera ez dutela Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta Bilbon hiru urte Luberri Konpartsak.

Egoera hori salatzeko kanta eta bideoklipa egin dituzte. Abestia Kilikiren, Miruaren, Maixaren eta Malakiasen artean ondu dute, eta bideoklipean dozenaka artistak parte hartu dute. Haien artean dira, erraterako, Anje Duhalde, Josu Zabala, Bernardo Atxaga, Neomak, Maruxak, Gari edo Roberto Moso.

Azken asteetan sare sozialetan bideoak argitaratu dituzte, eta Bilboko eta Gasteizko txosnen sorreran parte hartu zuten kideak zein gaur egungoak elkarrizketatu dituzte, “jaien izaera herritar eta pluralaren ikuspegitik egoera honek zentzurik ez duela ikusarazteko”. 

Sarrerak agortuta

Ortzegun honetan jaialdia egin dute Bilboko Kafe Antzokian, Bada Garaia, artistok denontzako jaien alde lelopean, Mugimendu Sozialistari paratutako debekuari aterabidea emateko eskatzeko. Sarrera guztiak agortua eta antzokia beteta, estreinekoz abestu dute kanta zuzenean.

Javier Jorajuria J Martinako musikariak eta Maixak hartu dute hitza: "Jai herrikoiak behar ditugulako, artistontzat eta herritar guztiontzat ezinbesteko espazioak direlako, eta bertan denok egon behar dugulako”.

Konponbiderako deia egin dute: “Hemendik dei egin nahi diegu Bilboko Konpartsei eta Gasteizko Txosna Batzordeari, eskatzeko kanpoan dauden eragileekin eseri eta mesedez egoera honi amaiera emateko”.

Izen ezagunak

Eskaerarekin batera, ekimenarekin bat egin duten kulturgile guztien babesa ere gogora ekarri nahi izan dute. Duela bi urte, 150 artistak izenpetu zuten gutun bat konponbidea eskatzeko, eta aurten, berriz, 450 kulturgilek baino gehiagok egin dute bat: "150 kulturgile asko dira, baina hain da zentzugabea egoera, aurten 450 kulturgiletik gora batu garela".

450 izen horien artean ageri dira duela bi urte babesa adierazi zuten kulturgileak; hala nola, Itziar Ituño, Fermin Muguruza, Joseba Sarrionandia eta Josu Zabala; eta baita bertze hainbat izen berri ere, tartean, Eñaut Elorrieta, Pantxoa eta Peio, Evaristo, Uxue Alberdi, Fermin Valencia, Amets Arzallus, Toti Martinez de Lezea edota Miren Agur Meabe.


Jai herrikoiak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...