Bilboko esku-hartze sozialeko 50 langilek salatu dute etxegabetze prozesuetan parte hartzera bultzatzen dituztela

  • Bilboko Etxebizitza Sindikatuarekin batera salatu dute Bilboko Udalak presio egiten diela desalojoetan parte hartzeko, eta etxegabetze batean parte hartzeari uko egiteagatik bi langile kaleratu zituztela.

Bilboko Etxebizitza Sindikatua

2026ko apirilaren 16an - 11:58
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Prentsaurrekoan Bilboko Udala eta haren politikak seinalatu dituzte, hirian miseria egoera larritzearen erantzule gisa. Bereziki, joan den urrian Bilboko Zorrrozaurreko udal pabiloi batean gauzatu zuten desalojoan jarri dute arreta. 80 lagun inguru kaleratu zituen bertatik Bilboko Udalak, bermerik eta etxebizitza-alternatiba egonkorrik gabe. Prozesu horretan, esku hartze sozialeko bi langilek uko egin zioten etxegabetzean laguntzeari, eta ondorioz, lanpostuak galdu zituzten. Agerraldian azaldu dutenez, desalojo ostean, eraikina Modragon Korporazioari lagatu zion udalak.

Testuinguru horretan, esku-hartze sozialeko profesionalek salatu dute gero eta baldintza itogarriagoetan ari direla lanean. Gehiegizko karga burokratikoak, baliabide falta eta erakundeen aldetik jasotzen dituzten agindu kontraesankorrak dira eguneroko ogia sektorean, ziurtatu dute. Salatu dute baldintza horiek bitartekari rola izatera eramaten dituztela, pertsona zaurgarrienen eta haien babesgabetasun egoera betikotzen duten erabaki politikoen artean. Are, azaldu dute desalojoetan presioa jasaten dutela beren konbikzioen aurkakoak diren eta euren eginkizunen mugetatik kanpo dauden funtzioak betetzeko.

Prentsaurrekoan Bilbon zaurgarritasun egoeran bizi diren pertsona kopuruaren gorakadaz ohartarazi dute, eta horiei laguntzeko baliabideen kolapsoaz. Salatu dute migrazioarekin, etxegabetzeekin eta babesgabetasun larriko egoeraren gorakadaren aurrean udalak ez dituela beharrezko baliabideak indartu. Datu kezkagarria ere eman dute: 2016an 112 pertsona bizi ziren kale gorrian Bizkaiko hiriburuan, eta 2024an zifra 600etik gorakoa izatera iritsi zen.

Egoera horren aurrean,  baieztatu dute ez dutela miseriaren erantzukizuna berau jasaten dutenengan gain jarriko. Gainera, eurenak ez diren funtzioak betetzeari uko egiteko eskubidea aldarrikatu dute, eta desalojoetan parte hartzea baztertu.


Etxegabetzeak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.