Bilbao Bizkaia Harro ekimenaren bukaera galdetzeko izenpedura bilketa abiatu du Bilboko EHGAM-ek

  • Kolektiboek zein norbanakoek izenpetu dezakete Berreskuratu harrotasuna manifestua. Bilboko Udalari eskatzen zaio bertan behera uztea Bilbao Bizkaia Harro ekimena, "haren interes merkantilistak LGBTI+ komunitatearen aldarrikapenen kontra baitoaz".

"Pride ez da harro" mezua dakar E28 koordinadorak antolaturiko manifestazio horretako banderolak. E28 koordinadora

2026ko martxoaren 26an - 10:36
Azken eguneraketa: 20:14
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskal Herriari dagokionez, EHGAMek antolatu zuen lehendabiziko Harrotasun Eguna, Bilbon, 1978an. Harrezkero, urtero Bilboko LGTBI+ taldeen esku egon da Harrotasun Egunaren antolaketa –E28 Plataforma sortu zen horretarako–. Azken urteotan, ordea, Bilbao Bizkaia Harro izeneko ekimen turistikoa jarri du martxan Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Finean, instituzioetatik Harrotasun Eguna berenganatu nahian dabiltzala sentitzen dute LGTBI+ kolektiboek. Horregatik du Bilboko EHGAMek Berreskuratu harrotasuna manifestua plazaratu, norbanakoei zein kolektiboei izenpetzeko aukera irekita. Argi dute: ekainaren 28a borroka eguna da eta ez da instituzioena, are gutiago bankuena edota enpresena.

EHGAMen iritzian, "plan turistiko bat" da Bilbao Bizkaia Harro, "turismo gay aberatsa Bilbora erakartzeko hiri—negozioa". Horregatik, erdibiderik gabe, ekimen horren bukaera galdetzen diote Bilboko Udalari, eta LGTBI+ kolektiboen eta E28 koordinadoraren "ibilbidea eta zilegitasuna errespetzea".

Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari ere zuzentzen zaizkie manifestuan: "Ez gehiago halako plan turistikorik sustatu eta diruz lagundu, LGTBI+ kolektiboen onespenik gabe, haren eskakizunak ezerezten dituen ekimenak direlako".

Ortzadar LGBT elkartearen bidez egiten du "berenganatze" saiakera Bilboko Udalak, EHGAMen esanetan. Baina manifestuan zehazten denari segi, elkarte hori "beti egon da EAJko zinegotziz eta kargu politikoz osatua". Egoera urtez urte okertuz doala salatzen du. "2O25ean, baina, marka guztiak hautsi dituzte Bilboko Udalak eta Ortzadar LGBT elkarteak. Lehen aldiz (nahiz eta luzaroan nahian jardun) Harrotasun Eguna baino astebete lehenago, 'karroza-desfilea' antolatu dute Kale Nagusian, Madrilen enpresa handiek egiten duten bezala". Gainera, hirigunean makrokontzertu erraldoi bat "kontraprogramatu" zuen Bilboko Udalak, BBK Fundazioaren eskutik, ekainaren 28an: "Banketxe baten ospakizunak, LGTBI+ kolektiboaren aldarrikapenak isilarazteko", manifestuaren izenpetzaileen arabera.

Ekainaren 28ko borroka egunean buru belarri aritutako aktibisten lekukotasunak bildu ditu Bilboko EHGAMek manifestuaren izen bera dakarren bideotxoan.

1969ko ekainaren 28an, New Yorkeko Stonewall tabernan izandako Polizia-errepresioaren parean bertako trans, trabesti, marika, bollera eta orohar queer pertsonek erakutsitako erresistentzia omentzeko borroka eguna da ekainaren 28a. Alta, Bilbon bezala, mundu mailako hiri andana batean dabiltza erakundeak eta enpresak ekainaren 28a berenganatu nahian. Hori horrela, parean, Harrotasun Kritikoak biderkatzen dabiltza hainbat hiritan, eta Reclaim Pride –Berreskuratu Harrotasuna– mugimendua doa garatuz.


LGBTI kanalean gehiago
2026ko otsailaren 11
Berriketa gutxi
Bixente

2025eko apirilaren 9
Meloi saltzailea
Antifa

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.