Biktimak “azpiratzea” egotzi dio Errenteriako Udalak oposizioari Jon Maya dantzariaren auzian

  • Indarkeria matxistarekin lotutako bi auzitan udal gobernuak egin duen kudeaketa zalantzan jarri dute udaleko gainerako alderdi politikoek. Batetik, Xenpelar Bertso Eskolako kide baten auzia, eta bestea, Kukai dantza taldeko kidearena. Horri erantzunez, Aizpea Otaegi alkateak (EH Bildu), astelehenez, prentsaurrekoan adierazi du alderdion aldetik biktimak “ahaztu, azpiratu eta etekin politikoa ateratzeko nahia gailendu” dela. Biktimak erdigunean jartzeko deia egin du eta eskerrak eman dizkio mugimendu feministari, baita biktimei ere “salatzen ausartzeagatik”.

Errenteriako alkatea prentsaurrekoa ematen. Errenteriako Udala.

2026ko ekainaren 1ean - 16:38
Azken eguneraketa: 2026-06-02 11:49
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Errenteriako Udalak azken egunetan hizketagai izan diren bi indarkeria matxista kasuen (Xenpelar Bertso Eskolako kide batenak eta Kukai dantza taldeko beste batenak) inguruko prentsaurrekoa eskaini du. Aizpea Otaegi alkateak, ezer baino lehen, adierazi du udal gobernuaren lehentasuna biktimen segurtasuna eta ongizatea direla, eta “beti jarriko dituztela erdigunean biktimen eskaerak eta erritmoak”. Eskerrak eman dizkie indarkeria matxista pairatu duten emakumeei “salatzeko ausardia izan dutelako, eta ez ditzagun damuarazi”. Mugimendu feministari ere eskerrak eman dizkio, “emakume askoren erreferentziazko babesleku delako”.

Kukai dantza taldeko Jon Maya dantzariaren erasoen auziaz xehe hitz egin du alkateak. Udal gobernuak jaso dituen kritikak aletu ditu Otaegik, alegia, gardentasun falta, herriko enblema (Kukai dantza taldea) suntsitu izana, bertso eskolaren eta Kukairen auzietan desberdin jokatu izana, eta Jon Maya babestu izana. Kritikatu dituzten guztiei eskatu die muinera jotzeko, “biktimak eta euren nahia zaintzeko”. Oposizioari bezala “gainerako guztiei” leporatu die interes partikularrak izatea. Interesok “soberan” daudela azpimarratu du alkateak, “ez diotelako batere onurarik egiten biktimen erreparazio-prozesuari; ezta indarkeria matxistaren aurkako borrokari ere”. PP eta PSEri egotzi die, erasoen berri jakinda, prozesuaren hasieran, 2024an egindako konfidentzialtasun eskaera errespetatu ez izana eta gaia publikoki hauspotzea.

Alkateak Jon Mayaren auzia kudeatzen udalak egin duen ibilbidea kontatu du prentsaurrekoan. Otaegik adierazi duenez, Errenteriako Udalak 2024ko abenduan izan zuen sexu erasoen salaketen berri bide informalen bidez, eta biktimek hala eskatuta, isilpean izan dute gaia. Tarte honetan, Kukai dantza taldearekin harremanetan izan dira, eta biktimek eta mugimendu feministak egindako prozesua ontzat eman dute. 2026ko hasieratik Kukai taldearekin harremana “izoztuta” dagoela argitu du Otaegik, 2024an adostutako bidetik “aldentzen diren bi mugarri gertatu direlako bidean”: Jon Maya jarduera publikora itzultzea eta Kukairen Gidaritza Taldeko kide batek izenpetuta ohar bat publiko egitea, “ordura arteko printzipio guztiak auzitan jarrita”. Alkatearen iritziz, krisia bideratzeko modua prozesura itzultzea da, hau da, biktimei zentralitatea ematea.

Xabier Oleagaren gutuna eta mugimendu feministaren erantzuna

Duela aste batzuk Xabier Oleaga Kukairen Gidaritza Taldeko bozeramaileak auzi honi lotutako gutuna eman zuen argitara, erasoak salatu zituzten emakumeen konfidentzialtasun eskaera albo batera utzita. Oreretako Bilgune Feministak eta Oreretako Asanblada Feministak gutunari erantzun diote. Mugimenduko kideek argitu dute 2024an Jon Maya Kukai dantza taldeko kidea arduradun egiten zuten zenbait erasoren testigantzak jaso eta gero, eskaera “argia” egin zutela: halako gertaerak ez errepikatzea eta arduradunari prozesu pertsonal, eraldatzaile eta konpontzailea hastea eskatzea. Prozesua “konfidentzialtasun zorrotzenean” egingo zela erabaki zuten. Gutuna argitaratuta, “emakumeen nahiak eta beharrak zentroan jarrita egindako lanketa konfidentziala agertoki publikora eraman dela” salatu dute, “inolako baimenik gabe, inolako lotsarik gabe”. Galdera egin die diskrezioa mantendu ez dutenei: “Plaza publikora ekarri gaituzue, baina plazan nork zainduko ditu zaindu beharrekoak? Nola erreparatu plaza publikoan errespetuz, mimoz eta diskrezioz zaindua izan behar duena?”. Gutunaren egileari egotzi diote bere behar pertsonalak “hauspotzen” aritzea eta erasoak “minimizatu eta zuritzea”. Gehitu du idatziak agerian utzi dituela “emakumeen hitza isildu nahi duten itun patriarkalak”, baita ez dela “prozesu pertsonal zintzorik egin” ere. Gutunaren egileei eskatu diete haien jarrera, diskurtso eta ekintzetan jartzea fokua.

Mayak “zuhurtzia eta errespetua” eskatu ditu

Jon Mayak, maiatzaren 29an, ohar baten bidez adierazi du 2025ean talde feminista bat berarekin harremanetan jarri zela eta hainbat emakumeren testigantzen berri eman ziotela, zeinaren arabera hark “jarrera desegokiak” izan zituen emakume haiekin. Kukaiko dantzariak azaldu du “bere ekintzen gainean gogoetatzeko eta berriz ez gertatzeko ardura” hartu zuela, eta orduz geroztik “hitzemandakoa bete” duela. Gehitu du gaia “eremu pribatuan eta isilik” mantentzeko eskatu zitzaiola. Horrez gain, “zuhurtzia eta errespetua” eskatu ditu.


Indarkeria matxista kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 13
Berriketa gutxi
Zer gertatzen zaigu gizonei?

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.