argia.eus
INPRIMATU
2026ko uztailaren 3a
Bigarrenez ikertuko dute Ertzaintzak Flotillako kideen aurka egindako operazioa, oraingoan kamera indibidualetako grabazioak filtratzea leporatuta
  • Ertzaintzaren Barne Aferak ikerketa abiatu du aztertzeko ertzainen zeramatzaten kamera indibidualen grabaketen ustezko filtrazioa. Grabaketetako batean, ustez, erakusten da ekintzaileen probokazioz hasi zela. Kameren grabaketak zabaltzea araudiaren kontrakoa da. 

Ertzaintzaren Barne Aferetako unitatea bigarrenez ari da ikertzen Ertzaintza Loiuko aireportuan Global Sumud Flotillako kideen aurka egindako operazioagatik. Ikerketa abiatu dute, batetik, berrikusteko ertzainek ekintzaileen aurka izandako jarrera neurrigabea izan zen, eta, bestetik, aztertzeko ertzainek aireportuan zeramatzaten kamera indibidualen grabaketen ustezko filtrazioa. 

ElDiario.es komunikabideak jaso du albistea. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak jakinarazi du ikertzen ari direla ertzainek zeramatzaten 'bodycam' edo kamera indibidualek  grabatu zuten edukiaren ustezko filtrazioa. Sailburuak EH Bilduko Gorka Ortiz de Guinea legebiltzarkideak galdetuta eman du ikerketaren berri.

Ortiz de Guineak adierazi duenarengatik, Gara-k eta Radio Euskadik zabaldutako informazioarekin, ondorioztatu daiteke filtratu egin direla kamerek grabatutakoa, eta hori legez kontrakoa da.

Grabaketek erakutsiko lukete Loiun gertatutakoa ekintzaileek aurrez planifikatutako ekintza izan zela. "Hemen aterako diren irudiak mila komunikatu baino hobeak dira. Eskerrik asko. Mesede izugarria da. Atxiloketa hau luzatzen baduzue, bikain", adieraziko lioke Flotillako kide batek Ertzaintzari bideoan. Horrek berretsi egingo luke Loiuko gertakarien harira Zupiriak esandakoa, hau da, "ez zuela Ertzaintzak hasi", baizik eta "manifestariek probokatu zutela". 

Zupiriaren esanetan, ikerketarekin aztertu nahi da ea jarrera desegokirik egon den indarrean dauden 'bodycam'-en araudiarekiko. Arartekoa ere ari da ikertzen, beste instituzio batzuekin batera. Halere, Zupiriak aurreratu du "ez erortzeko Ertzaintzaren aurkako akusazio faltsuetan", horiek "desinformazioa" elikatu besterik ez dutela egiten. 

Araudiaren kontra

Bere momentuan, Zupiriak ekintzaileen probokazioa izan zela argudiatzeko, esan zuen grabaketetako batean argi entzuten zela ekintzaileak hasi zirela. Are gehiago, legebiltzarkide bati grabaketa horiek "ikusteko" eskaini zion, "oso argigarriak" zirelakoan. 

Grabaketak ikustea eskaintzeak, baina, urratu egiten du araudia. Naiz-ek analizatu du grabaketen auzia. Ertzaintzaren Barne araudiko 42. arauaren arabera, debekatuta dago kameren grabaketak zabaldu edo kopia bat egitea segurtasun publikoko gaietan, ez bada "etengabeko ikerketa judizial edo administratibo ireki batekin lotutako zereginerako". Gainera, grabaketak dituzten ertzainek konfidentzialtasunez gorde behar dituzte. Ez da aipatzen Segurtasun Aholkulariak grabaketa horiek eskura ditzakeen ala ez.

Hortaz, Naiz-en esanetan, "aholkulari batek [grabaketak] poliziaren ekintza bat justifikatzeko erabiltzea legez kanpokoa" da.