Bigarren mobilizazio masiboa, 11 atxilotu, eta talde faxista baten presentzia Baionan

  • Larunbatean 4.000 pertsonatik gora elkartu dira Baionako karriketan Prefekturaren arabera, Lizeoetako ikasleek hasitako mobilizazio zikloaren bigarren asteburuan.. Istiluak izan dira manifestazioa amaitzerakoan, eta hamaika pertsona atxilotu ditu Poliziak.


2026ko urriaren 26a - 09:33
Azken eguneraketa: 14:02
Manifestariak Polizia lerroaren aitzinean, Baionako autopistako sarreran. Gure Irratia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Milaka pertsona elkartu dira Baionako karriketan, urriaren 17ko mobilizazioari segida emateko. Irailean lizeoetako ikasleen mugimenduak blokeoak hasi, eta hainbat sindikatuk eta eragilek eman zioten jarraipena borrokari, beste zenbait aldarrikapen ere txertatuz: bizitzaren garestitzea, murrizketak arlo sozial eta kulturalean, Poliziaren bortizkeria, militarizazioa, faxismoaren gorakada... Jaka Horien mugimendua berriz agertu da eszenara, eta mobilizazio masibo eta ikusgarriak eragin ditu horrek Frantziako Estatuan azken bi asteetan. 

Ipar Euskal Herriaren kasuan, Baionan egin da mobilizazioa larunbatean, eta 4.000 pertsonatik gora elkartu direla erran du Prefeturak, joan den astean baino 700 gehiago. Prefeturak hainbat oztopo jarririk ere, hainbat eragilek deitu zuten manifestatzera, tartean CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek, baina baita LFI, PCF, NPA edota EH BAI alderdiek ere bai.

Martxa ofizialak pentsatutako ibilbide baimendua segitu du, baina manifestari gehienek autopistaruntz jo dute berriz ere, joan den asteko blokeatzea berriz gauzatzeko asmoz. Aldi honetan Polizia lerro batek sarrera blokeatzen zuen, eta bertan ordu erdi eman ondoan, suprefeturara arte joan dira manifestariak. Hara heldu bezain laster istiluak hasi dira, eta Poliziak negar gas ugari bota ditu. Poliziak bultzaturik, Herriko Etxe arte joan da manifestaldia, eta handik San Izpirituko zubira arte. Istiluek iluntzera arte iraun dute, eta Prefeturaren arabera 11 atxilotu izan dira.

Talde faxista bat Baionan

Manifestaldia iragaten ari zela, sei bat pertsonako talde bat agertu da Baiona Ttipiko karriketan. Port Neuf karrikan Poliziaren gibelean agertu zen lehenago, eta Gure Irratiak bildu dituen informazioen arabera, "talde antolatu gisara aurkeztu dira, merkatariak babesteko asmoa zutela erranez". Horietako batzuk frantses bandera edo sinbologia faxista zeramaten, hedabide beraren arabera. Haien presentziaz oharturik, hainbat manifestarik taldea Baiona Ttipiko karriketatik kanporatu dute, "faxistak kanporat" eta "Euskal Herria antifaxista" oihu artean. 

 

 

Frantziako Estatu osoan eskuin muturrak "Entraide Citoyenne (Elkarlaguntza hiritarra)" deituriko taldeak antolatu ditu, eta hainbat hiritan manifestariak erasotu eta zauritu dituzte. Blast hedabideak Rouen hirian gertatu erasoa plazaratu du adibidez. 

 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.