Bigarren itzulia izanen dute 11 herrik. Banan-banan zein dute panorama?

  • Igande honetan izanen dute herriko bozen bigarren itzulia Lapurdiko hamar herritan eta Zuberoko hiriburuan; zehazki, Baionan, Miarritzen, Bokalen, Hendaian, Arbonan, Donibane Lohizunen, Azkainen, Beskoitzen, Kanbon, Urruñan eta Maulen. Banan-banan begiratu diogu herri bakoitzari.

Baionan elkarrekin aurkezten dira bigarren itzulira Jean-Claude Iriart abertzalearen eta Henri Etcheto sozialistaren zerrendak. Guillaume Fauveau

2026ko martxoaren 18an - 13:54
Azken eguneraketa: 2026-03-19 00:44
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Martxoaren 15ean izan zuten herriko bozen lehen itzulia Ipar Euskal Herriko 158 herritan eta 147 herrietan argitu zuten Herriko Etxearen osaketa. 11 herri horietan, haatik, botoen %50aren langa ez du nehork gainditu eta horregatik dute bigarren itzulia, botoen %10 baino gehiago jaso izan duten zerrendei aukera emanda. Bigarren bozketari begira, astearte gauera arte zuten aliantza posible batzuk negoziatzeko eta adosteko tartea. Herri guztietan eragin handia izan dezake abstentzioak. 

Baiona

Aitzineko herriko bozetan lortu nahi zutena lortu dute aldi honetan: ezkerretik, Henri Etcheto sozialista eta Jean-Claude Iriart abertzalea batu eta elkartuta doaz bigarren itzulira. Bateratze arraroa, ikusita ikuspegi antagonikoak dituztela hainbat arlotan –edo hobeto erranda, abertzaleen lan lerro nagusietan–, baina adostasuna lortu dute, eskuina Herriko Etxetik kanporatzeko helburuari lehentasuna jarrita. "Entzun dugu baionarrek eman diguten mezua: aldaketaren aldeko bozka orri bakarra izanen da igandean", adierazi du Iriartek.

Negoziazioetan zerrendaren osaketaz aritu dira eta parekidetasunaren alde egin dute: Iriarten ondotik, zerrenda bakoitzeko bina kide txandakatu dituzte. Programa politikoari dagokionez, ordea, zehaztapen guti plazaratu dute. Mediabask-ek Iriart elkarrizketatu du eta abertzaleek defendaturiko hainbat dosierri buruz Etchetoren partetik aurkakotasun gogorrik ez dagoela baieztatu du. Hala ere, ez dago ezer argi, demagun, Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionalari begira: "Lehendik ere entzuna nuen jarrera ireki samarra zuela bilakaera instituzionalari buruz, eta hala berretsi digu. Gure akordioan bilakaera horretan lan egiteko borondatea jaso dugu, nahiz eta oraindik ere ertz zehatzak definitzeke dauden".

Hiru hautagaien artean eginen da beraz bozketa: oraingo auzapez Jean-René Etchegaray, Jean-Claude Iriart abertzalea buru duen ‘Elkarrekin Baionarentzat’ eta eskuin muturreko zerrenda –botoen %10,72 jasotakoa–. Ezkerreko indarren batuketa eginda %47 lortuko lukete –Frantzia Intsumisoa zerrenda ere hautagaien artean zelako lehen itzulian, %3,8 jasota–. Baina, garaile handia da abstentzioa, bere 17.000 bozkatzaileekin, eta beti bezala, horiek eragin dezakete alde batera edo bestera.

Maule

Hiru hautagai ziren lehen itzulian eta konfigurazio berean iraganen da bigarren itzulia ere. Martxoaren 15ean Louis Labadot auzapez komunista atera da lehen –%44,19–, bigarren Beñat Elkegaray abertzalearen zerrenda –%29,61– eta Armanda Accoce, 2020an auzapezgoa galdu zuen Michel Etchebesten axuanta izandakoa kokatu da azken –%20,20–.

2020an Labadoti proposatu zion bigarren itzulirako aliantza Elkegarayk, orduko auzapez Etchebest garaitzeko asmoz, baina komunistak errefusatu zion, eta triangeluarra izan zuten –hiru hautagaien arteko lehia–, lehen ateratako Labadoti bidea erraztuta. Aldi honetan Etchebesten axuanta izandakoari proposatu dio aliantza abertzaleak, baina ez du onartu. Bere jarrera jakobinistengatik ezaguna da Labadot.

Hori horrela, hiru zerrenden artean izanen dute hautua mauletarrek, hots, lehen itzulikoa errepikatuko da, eta ezustekorik gertatu ezean, Labadotek atxiki beharko luke auzapezaren kargua.

Miarritze

Lehen itzuliko sorpresen artean da Miarritze, orain arteko auzapez eskuindar Maider Arrosteguy bigarren kokatu baita –%26,60–, hamabi botoz gailenduta Serge Blanco, politikari baino gehiago errugbi munduko aurpegi ezaguna den miarriztarra. Zerrenda andana ziren lehian: sei eta horietan bakarra ezkerretik –Ana Ezcurrarena, hirugarren kokaturikoa %17,82 eginda–.

Negoziazioetan tinko aritu dira zerrenda ezberdinak eta azkenean bi aliantza gauzatu dituzte: Ezcurrak Guillaume Barucqekin –%12,15 lehen itzulian– egin du aitzina, hots, matematikoki %30 lortu beharko lukete; eta Blanco Jean Baptiste Dussaussoisi –%13,11– batu zaio.

Hiru zerrenda lehian beraz, eta bidea gogorra du aliantzarik gabe partitu den Arrosteguy auzapezak, ikusita Blancok Dussaussoisen bozkatzaileen babesa ere ukan beharko lukeela. Baina hor ere, abstentzioak badu pisu: 10.152 bozkatzaile. Pentsa lehen indarra ateratako Blancok 3.596 boto jaso ditu...

Urruña

Urruña aipagai izan da lehen itzuliaren gaualdian, hain justu, oraingo auzapeza den Filipe Aramendi abertzalea bigarren kokatu delako, botoen %35,13 eginda, eta gailendu zaiolako oposizioan egondako Sébastien Etchebarne –%36,86–. Eskuinetik hirugarren zerrenda bat ere ukan du parean, Martine Mignot-Carmérena –%28,01–.

Auzapezaren kargua arriskuan du Aramendik, baina lehia gogorragoa izanen zuen pareko biek aliantza lortu balute. Erran gabe doa, hor ere abstentzioak izanen duela eragina.

Kanbo

Azkenean, negoziaketek ez dute leku handirik hartu eta triangeluarra izanen da Kanbon: lehen ateratako EAJko Peio Etxeleku –%39,55–, orain arteko auzapez zentrista Christian Devèze –%34,99– eta ezkerreko abertzalea den Argitxu Hiriart-Urruty –%25,46–.

Azken honek argitu dio Sud Ouest egunkariari "koherentzia politikoaren izenean" baztertu dutela Etxelekurekin aliatzeko aukera: "AHT, Batera, Mercosur... desadostasun gehiegi ditugu". Finean, nahiz eta biak Marienea etxebizitza proiektuaren kontra izan, ez zaio nahikoa izan Etxelekuri ezkerreko abertzaleen babesa lortzeko, Hiriart-Urrutyk erran bezala, bestalde desadostasun potolo gehiegi dituztelako.

Lehen itzulian 146 botoko aldea izan da Etxeleku eta Devèzen artean, eta lehia estua izanen dela aurreikusi daiteke. Hor ere, lehen itzulian etxean geraturiko 1.772 bozkatzaileei begira daude hiru zerrendak.

Peio Etxeleku, argazkian ezkerrekoa, lehen itzuliko emaitzen beha zegoela. Argazkia: Guillaume Fauveau
Bokale

Bokaleko lehen itzuliak ere utzi du zer-errana: orain arteko auzapez Francis Gonzales hirugarren kokatu delako –%23,84–, eta garaile, aldiz, EH Baiko kideak ere dituen Mathieu Hornen lista –%28,36–. Lau zerrenda aurkeztu dira lehen itzulian, lauak ezkerretik, eta bakoitzak du %20-%30 artean jaso: 253 botok bereizten ditu garailea eta azken gelditurikoa.

Hots, lehia izugarri tinko dute bigarren itzulikoa eta lauek segitzen dute lehian.

Arbona

Arbona irabaziko al dute ezkerreko abertzaleek? Lehia gogorra izanen dute Lapurdiko hiri horretan lehen ateratako Guillaume Fourquet –%37,95– eta EH Baikoak ere dituen Beñat Arlaren zerrendaren –%35,82– artean: 30 botoren aldea izan dute lehen itzulian. Hirugarren kokatu da, haatik, orain arteko auzapez Marie-José Mialocqen aldeko zerrenda, botoen %26,23 jasota, baina lehiatik erretiratzeko erabakia hartu du. Hori horrela, bi zerrenden arteko lehia izanen dute martxoaren 22an.

Hendaian

Hendaian ere triangeluarra egonen da martxoaren 22an: orain arteko auzapez sozialista Kotte Ecenarroren zerrenda, Laetitia Navarron buru duen zerrenda abertzalea eta eskuinetik, Tristan Proteauren lista.

Lehen itzulian, 706 botoren aitzina jarri die Escenarrok –%42,82– abertzaleei –%30,63– eta ikusita hirugarren kokatutakoa –%26,55– lehian mantentzen dela, Ecenarrok alkate izaten segitu beharko luke. Beti ere abstentzioak gordetzen duen botoa kontuan hartu gabe –Hendaian %42,88koa izan da bozkatu ez dutenen kopurua–.

Laugarren aldiz aurkeztu da Ecenarro, eta aldi honetan lehen itzulitik jo du batasunaren alde: komunistak eta EAJ ditu ondoan, baita azken sei urteetan sutsuki oposizioan egondako Pascal Destruhaut zentrista ere. Lehen itzuliaren biharamunean, nabarmentzekoa da abertzaleek egindako saltoa: 2020an 768 boto izatetik 1.774 izatera pasa dira. Oroit gara 2020an aliantza lortu zutela bigarren itzulirako sozialistek eta abertzaleek, baina batasunak ez zien luze iraun eta oposiziora pasa ziren sei hautetsi abertzaleak 2022an.

Azkaine

Sorpresarik ez da espero Azkainetik, lehen itzuliko konfigurazio bera mantentzen delako. Lehen bozketan garaile atera da departamenduko kontseilari ere den Bénédicte Luberriaga zentrista –%38,10–; bigarren, Elorri Manterola ezkertiar abertzalea –%33,60– eta azken gelditu da 2014-2020 kargualdian auzapez izandako Jean-Louis Laduche.

Donibane Lohizune

Donibane Lohizunen ere arrisku handirik hartu gabe aurreikusi daiteke bigarren itzulirako emaitza. Triangeluarra izanen dute: orain arteko auzapez Jean-Francois Irigoyen eskuindarra, Manuel de Lara zentrista eta Pascal Lafitte abertzalea.

Lehen itzulian emaitza polita lortu du auzapezak –%47,34– eta hogei puntutara dago zentrista –%26,56–; abertzaleak hirugarren kokatu dira –%23,72–. Laugarren zerrenda bat ere bazen, ezker muturretik, %2,38 jasotakoa. Horiek horrela, garaipenerako bidea nahiko segurua du orain arteko auzapezak.

Beskoitze

Sorpresa handia litzateke lehen itzuliko sailkapena ez balitz gertatzen igandean. Hain zuzen, lehen bozketako zerrenda kopuru bera mantentzen da eta martxoaren 15ean garaile ateratako Pascal Jocouk aitzina handia du –%49,57–. Ia-ia lehen itzulian argitu zen Beskoitzekoa baina gutigatik dute bigarren itzulia. Auzapezaren parean mantendu dira Catherine Errecart –%26,50 lehen itzulian– eta Théo Salomon abertzalea –%23.93–.

Urte gatazkatsuak izan dituzte azken aldian Beskoitzen, ikastola bat eraikitzearen kontra zegoelako auzapeza. Azkenean, gatazka luze baten erdian dimisioa aurkeztu zuen Fabienne Ayensa auzapezak 2024ko martxoan. Bozkak finkatu eta hiru zerrenda lehiatu ziren, Pascal Jocou ateraz garaile. Badirudi babesa berretsiko diotela igande honetan.

Bigarren itzuliaren jarraipena eskainiko du ARGIAk bere webgunean 19:00etatik aitzina.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.