Etxebizitza Eskuragarriaren Lege-proiektua aurkeztu du Europako Batzordeak. Horrela, bigarren etxeen erosketari eta etxebizitza turistikoen kopuruari mugak jartzeaz gain, tentsio handiko eremuak ezartzeko irizpide eta baldintza bateratuak ezarri nahi ditu.
Europako Etxebizitza Eskuragarriaren Legearen bidez, zenbait estatu, erkidego eta udalerri etxebizitza merkatuan ezartzen ari diren mugak eta debekuak kontrolatu nahi ditu Europako Batzordeak, "segurtasun juridikoa" bermatzeko. Izan ere, haien ustez, neurri horiek "barne merkatuen askatasunean" eragina izan dezakete. Zehazki, Bruselak hiru alorretan ezarri nahi ditu neurri eta baldintza bateratuak: bigarren etxebizitzen erosketan, pisu turistikoetan eta tentsio handiko eremuen izendapenetan.
Bigarren etxebizitzen erosketari dagokionez, etxe bat eroslearen bizilekua izango ez bada, agintariek erosketarako mugak eta debekuak ezarri ahalko ditu. Horrela, Europako Batzordeak mugatu nahi du funts putreek, inbertitzaile handiek edota bankuek hiri, herri edo auzo bateko familiak bertatik kanporatzea.
Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Hego Euskal Herrian etxebizitza turistikoen kopurua %12,7 murriztu zen 2024tik 2025era bitartean; aurtengo lehen seihilekoan, ordea, %6,1 egin du gora –5.207 etxebizitza turistiko gehiago EAEn eta 6.629 Nafarroan–. Hain zuzen, Europako Etxebizitza Eskuragarriaren Lege-proiektuak pisu turistikoei honako baldintza hau gehituko lieke: etxejabeak eskaintzen duena haren bizilekua edo bizileku horretako gelak badira, administrazioak ezingo du etxebizitza turistiko hori debekatu.
Tentsio handiko eremuak izateko baldintzak
Espainiako Etxebizitza Legean oinarrituta, Hego Euskal Herrian 2023ko maiatzetik hemezortzi udalerri izendatu dituzte tentsio handiko eremu gisa –tartean Bilbo, Gasteiz eta Donostia–, alokairuen prezioei mugak jartzeko xedearekin. Horren harira, Europako Batzordeak zehaztu du hiru baldintza bete beharko liratekeela eremu batean "bizileku estresa" dagoela egiaztatzeko.
Batetik, eremu horretako etxebizitzen prezioa gutxienez bertako familien urteko errentaren halako zortzi izatea; bestetik, etxebizitzen batez besteko prezioaren eta familien urteko diru sarreren arteko proportzioak handitzen joan beharko du tentsio handiko eremu izendatu aurreko hamar urteetan; eta, azkenik, frogatu beharko dute hurrengo hiru urteetan "bizileku estres" hori ez dela murriztuko.
Europako Batzordearen mugak
Etxebizitza problematika geroz eta pisu gehiago hartzen ari da azken urteetan Europako Batzordean: horren erakusle, 2024an Dan Jorgensen izendatu zuten Etxebizitza komisario.
Halere, Europako Batasunak ez du eskumenik etxebizitza politikak garatzeko; eskumen hori estatu eta udalerrietako gobernuen esku dago, EBk irizpideak ezar baditzake ere.