Joseba Irazoki
Non: Etxeluze gaztetxean, Orion (Gipuzkoa).
Noiz: Otsailaren 8an.
----------------------------
Otsailaren hasiera da, egunak apur bat luzatu diren arren, hotzak dirau, eta igande arratsaldez etxetik ateratzea ohi baino gehiago kostatzen da, zuzeneko kontzertuak ikusteko garai onena izan arren. Areto txikiak hotzaren babesleku bilakatzen dira maiz, eta musikariarekin sortzen den hurbiltasunak, niri neuri behintzat, musika modu introspektiboago batean jasotzera eramaten nau. Makrojaialdietatik at dauden zirkuituen garaia ere izaten da, eta zirkuitu horietatik kanpo gelditzen diren taldeek Euskal Herriko hainbat txokotan jotzen dute orduan. Gaztetxe eta beste espazio autogestionatuak dira kontrakultura hori elikatzen dutenak, eta horrela egin du Etxeluze gaztetxeak, igande batez Joseba Irazokiren kontzertua antolatuta.
Gaztetxeak bere prestaketak egin ditu: aretoa erditik banatzen duen lona urdin batek igarobide moduko bat sortu du, eta hura zeharkatzean bat-batean areto intimoago batean murgilduta sentitzen gara. Iluntasuna eszenatokiko argiekin nahasten da, eta oholtza hutsean bi gitarra, aulki bat eta mikrofonoa.
Jarraian igo da Irazoki, gitarra hartu eta akorde gutxi batzuk jo ditu. Datorren bidaiaren abisu moduko bat izan da behean gaudenontzat, erne jarri ditugu belarriak. Udane Barinagarrementeriak behinola kronika batean aipatu zuen, eta niri ere letrei erreparatzea gustatzen zaidan arren, nik ere noizean behin eskertu egiten dut soinuaren antolamenduak hitzik gabe esaten duenari atentzioa jartzea. Eta Irazoki bera soinu bilaketan dabilen performer moduko bat ez ote den galdetzen diot neure buruari. Oso gutxi abestu du, baina ez dut faltan bota gitarren melodia arraro eta loop-eatuak garrasi bihurtu baitira behin baino gehiagotan, buruan zorabio moduko bat sortzeraino.
Egiari zor, ezin izan dut azken diskoko (Gitarra onomatopeikoak III, 2025) kantu bat bera ere identifikatu. Izan ere, inprobisazio askeko kontzertu bat izan da, eta mugarik gabe, senari entzunez aritu da Irazoki Instant Composition izena duen formulari jarraiki. Irazokik baditu melodia batzuk, baina ez ditu estrukturatuta, eta horien ordena kontzertuaren edo egoeraren arabera antolatzen da. Azaldu du inprobisazioak duen “txispa” hori dela bere bilaketa, inkontzienteki jotzera eramaten duelako, kontzienteki edo aurrez dakien zeozer denean muga ondo jotzean dagoelako.
Metodo horrek espresibitatea beste maila batera eramaten du eta ia kontzertu osoa eserita jo duen arren, gitarra gainean makurtuta, lurralde ikusezin bat kartografiatzen ari dela dirudi. Barrurantz kantatzen ariko balitz bezala, bere barruko mundua eraikitzen ari den kontalari baten antza hartzen du.
Amaierara hurbildu ahala, intentsitatea handitzen joan da, erritmoak azkarragoak bihurtu dira eta fisikoagoa bihurtu da guztia. Orduan, zutitu egin da Irazoki, mugarik gabe dabil, gitarra eta gorputza bat eginda. Bota ditu oihu batzuk, intziriak ere izan zitezkeen. Eta nik ikusi dut trostan dabilen zaldi gorri bat, aske, zelaian barrena.