Datorren azaroaren 11tik aurrera ere, AP-68 autobideko bidesaria kobratzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute Arabako eta Bizkaiko diputazioek, eta plataformak gaitzetsi duenez, erakutsi dute negozioa egiten jarraitu nahi dutela.
Datorren azaroaren 11n agortuko da AP-68 autobidearen kontzesioa, baina bidesariak kobratzen jarraitzeko borondatea erakutsi dute Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek. Hainbat hedabidek jaso dutenez, 50 urte beranduago EAEko bi diputaziok kobrantza hori mantendu nahi izatea kritikatu du Durangoko (Bizkaia) AP-8 Peajerik Ez plataformak, kontuan hartuta AP-68 autobidea amortizatuta dagoela jada, eta bidesariak bertan behera uztea erabaki dutela hura igarotzen den gainerako autonomia-erkidegoek. Hala, Nafarroan, Errioxan eta Aragoin ez dute bidesaririk kobratuko azaroaren 11tik aurrera.
Bidesarien politika "bidegabea eta diskriminatzailea" dela salatu du aipatutako plataformak, eta AP-68ko kobrantzari eustea "negozio eder eta eskandalagarri" bat mantentzeko saiakeratzat jo du. Bizkaiko Foru Aldundiaren (EAJ eta PSE) kasuan, bere asmoa herritarrei berriz ere jokaldi makur bat egitea dela uste du AP-8 Peajerik Ezek, eta gogora ekarri du diputazioak negozioa egiteko nahi berarekin jardun zuela duela 23 urte, Irun (Gipuzkoa) eta Basauri (Bizkaia) arteko bidearen kontzesioa amaitu zenean eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien esku geratu zenean. "Herritar inozenteari sinetsarazi nahi diote mugikortasun seguru, eraginkor eta ekologikoagoa izateko eskubideak kutxatik igarotzearen mende egon behar duela, bidesaria ordaintzen jarraituz", azaldu du.