Bere anonimotasuna gorde nahi duen iruñear hau Rojavan bizi da eta hango mugimendu kurdua bultzatzen ari den iraultzarekin bat egin du. Pertsona honek publikoki dio "bost eta hamar artean" direla hango mugimenduarekin bat egin duten euskaldunak. ARGIAk lekuan bertan frogatu ahal izan duenez, kurdueraz ikasi dute eta Euskal Herrian publikoki jakinarazi gabe daude han.
Mugimenduak kopururik ematen ez badu ere, ISISen aurkako guda hasi zenetik ehunka dira Siriaren menpeko Kurdistanera joan diren eta hango askapen borrokarekin bat egin duten mundu osoko kideak. Internazionalistak dira eta era guztietako lanak egiten dituzte, lan politiko edo sozialetatik hasi eta militarreraino. Bakoitzaren erabakiaren arabera.
Rojavako gizartearen geruza ugariak bezala, gazte hauek ere komuna-ka antolatuta daude: Internazionalisten Komuna da lan zibiletan dabiltzanen egitura eta hemen kontsulta daiteke bere webgunea. Bestalde, orokorrean Rojavan dauden internazionalisten kide kopuruari buruzko ideia bat egiteko balio du jakiteak azken hamabost urteetan borrokan hildako atzerritarrak 54 direla, beren webgunean dokumentatuta dauzkatenez. Ondorengo herrialdeetakoak dira martiri internazionalista hauek: alemaniarrak, turkiarrak, italiarrak, ingelesak, galiziarrak, bretainiarrak, estatubatuarrak, frantziarrak, kanadarrak, australiarrak, portugaldarrak eta errusiarrak.
Komuna Internazionalistako kideek azaltzen dutenez, herrialdera borrokarekin bat egitera joandako pertsonei formazio politikoa ematen diete, kurdueraz irakasten diete eta Abdullah Oçalanen filosofia eta proposamen politikoan formatzen dituzte. "Komuna Internazionalista, gazte-egitura gisa, kontinente desberdinetako gazteak bildu, elkartu eta antolatzen ari da, munduak behar duen iraultzaren ikuspegiarekin", diote.
Kurdistango askapen mugimenduarekin bat egin duten euskaldunak, esan bezala, hainbat dira. ARGIAk Rojavako iraultzarekin bat egin duen iruindar bat elkarrizketatu du.