Ondoko datuak ez dira behin-betikoak, hainbat bulegotako botoak berriz kontatzen ari direlako. Serge Blancok (Mon equipe c’est Biarritz, zentroa) 3.596 boto lortu ditu, guztiaren %26,68. Lehen itzuliko irabazleak, kazetarien galderei erantzuterakoan, ez du argitu bigarren itzulirako aliantzak egiten saiatuko diren ala ez, "ikertuko dugu eta ikusiko dugu", erantzun du. Bigarren itzulira beste lau zerrendak egin dute aurrera. Bigarren tokian gelditu da Maider Arostegi (Ensemble vivons Biarritz, eskuina, EAJ-PNBk babestua). Arostegi gaur egungo auzapeza da eta oso alde txikiarekin gelditu da bigarren tokian: 3.584 boto lortu ditu, guztiaren %26,60. Hirugarren emaitza onenak lortu ditu Ana Ezkurrak (Biarritz Berri; ezkerra, ezkerreko abertzaleak eta beste hainbat; EH Baik eta Ekologistek babestua). 2.402 boto lortu ditu, guztiaren %17,82. Laugarren lekuan gelditu da Jean-Baptiste Dussaussois-Larralde; 1.767 boto lortu ditu, guztiaren %13,11. Bosgarren egin du Guillaume Barucq-ek (Biarritz nouvelle vague, indar eskuindarrak eta zentroa). 1.638 boto eskuratu ditu, guztiaren %12,16.
Eskuin muturrekoak hartu dituen zerrendak ez du %3 gainditu.