argia.eus
INPRIMATU
Bi langile gehiago hil dira lanean
  • Urtarrilaren 8an hil dira Braseli Tubos y Accesorios eta Gestam enpresetako langile bana. Urteko lehendabiziko zortzi egunetan sei dira gutxienez Euskal Herrian lanean hildako langileak.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 09a
Urteko lehendabiziko heriotza Gasteizko Olarizu auzokoa izan zen. Argazkia: Hala Bedi.

Urtarrilaren 8ak lanean hildako bi langile berri utzi ditu Euskal Herrian. Goizeko 5:00ak aldera auto istripuan hil da 25 urteko gazte zornotzar bat, Igorren (Bizkaia). Gestam enpresako langilea zen gaztea. Hildako bigarren langilea Miranda de Ebrokoa da (Burgos). Arabako Lantaron herrian dagoen Braseli Tubos y Accesorios enpresako langilea zen. Lantokian kolpe handia hartu ondoren Miranda de Ebrora eraman dute artatzera, eta bertan hil da. Osalanek azken istripu horren inguruko ikerketa abiatu du.

Sei hildako zortzi egunetan

Asteazkeneko biekin, sei dira jada lanean hildako langileak urtea hasi zenetik Euskal Herrian. Urtarrilaren 2an gertatu zen lehendabiziko heriotza, 55 urteko langile bat aldamiotik erori zenean. Egun berean hil zen 38 urteko emakume bat Jutsiko baserri batean, bikotea laguntzen ari zela. Lanbidez hezitzaile izandakoak bizia galdu zuen, belar balota batek azpian harrapatuta. Urtarrilaren 4an bi langilek galdu zuten bizitza, biak Bilbon. Bata in itinere istripu batean larri zauritu ostean hil zen, bigarrena, El Corte Ingleseko langilea zen eta lantokian izan zuen istripua.