Isralego hamabi atletak parte hartuko dute asteburuan jokatuko den oztopo lasterketa txapelketan, eta Irungo Udalak adierazi du ez duela debekurik ezarriko. Poliziaren presentzia handia nabaritu dute Irungo bizilagunek, eta dagoeneko bi lagun identifikatu dituzte kartelak jartzeagatik. BDZ Euskal Herria, Irun Palestinarekin eta Euskal Herriko OCR kirolariek Israelen parte hartzea salatu dute, eta udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia seinalatu dituzte "Israelgo entitate sionistari aurpegia zuritzeagatik". Gainera, euskal atletek euskal selekzioarekin lehiatzeko eskubiderik ez dutela azpimarratu dute. Mobilizazioa egingo dute ostiralean.
Maiatzaren 28tik 31ra bitartean egingo dira Irunen Europako OCR lehiaketak; eta hiria dagoeneko prest dago lau egunez 2.578 kirolari, haien senide eta orotariko zaletuak bilduko dituen txapelketa jasotzeko. Baina urre ez da oro, Israelgo atletek frogan parte hartuko dutelako. Hautsak harrotu ditu gaiak hirian, besteak beste, protestak, polizia kopuruaren gorakada eta identifikazioak izan direlako azken egunetan. Hori dela eta, txapelketako antolatzaileek Israelgo selekzioa froga nagusitik kanpo uztea erabaki dute, baina izena eman duten hamabi atleta israeldarrek banaka parte hartu ahal izango dute maiatzaren 31ko jardunaldian. Are, Israel Youth gazteen taldearen kasuan, antolatzaileek ez dute debeku edo aldaketarik iragarri.
Irungo Udalak badu zeresana, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera txapelketaren babesle nagusia baita. Antxeta Irratiak jakitera eman duenez, Udal gobernuak Palestinako herriarekin elkartasuna eta jarrera politiko argia adierazi nahi izan badu ere, ez du debekurik exijituko, "horretarako eskumenik ez dutelako". Hala, Europako OCR oztopo lasterketako federazioaren esku utzi du azken erabakia. Udalak ez du azalpenak emateko ohar publikorik argitaratu.
Antxeta Irratiaren arabera, poliziaren presentziaren igoera nabarmena izan da hirian. Asteazkenean bi lagun identifikatu zituzten, Israelgo atleten parte hartzea salatzen duten kartelak jartzen ari zirelako.
Hori guztiagatik, BDZ Euskal Herria, Irun Palestinarekin eta Euskal Herriko OCR kirolariek Israelen kontrako boikot kanpainarekin bat egin dute. Hala, Israelgo “entitae sionistak” maiatzaren 28tik 31ra bitartean Irunen egingo den Europako OCR lehiaketan parte hartuko duela salatu, eta Irungo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia seinalatu dituzte “Israelgo entitate sionistari aurpegia zutitzeagatik”. Aldi berean, adierazi dute Israelgo estatu genozidak parte hartzen duen bitartean euskal atletek euskal selekzioarekin lehiatzeko eskubiderik ez dutela. “Gure ikur eta koloreekin lehiatzea ukatu digute beste behin”, adierazi dute prentsaurrekoan.
Horregatik, exijitu diote Irungo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntza eta babesa kentzeko lehiaketari, eta utz diezaiotela Israelgo estatua “zuritzeari”. Era berean, European Obstacle Sport Federation-i eskatu diote Israelgo taldeen parte hartzea baztertzeko eta euskal kirolariek euskal selekzioaren babespean parte hartzea onartzeko.
Ostiralean, hilaren 29an, arratsaldeko 19:30etan San Juan Arria plazan mobilizazioa egingo dute, eta bertaratzeko deia luzatu dute.