28 eta 37 urteko bi gizonezko atxilo hartu ditu Ertzaintzak, bata Tolosan eta bestea Ibarran. Biktimetako bi adin txikikoak dira.
Astearte eguerdian ohar bidez jakinarazi du Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu dituela azken orduetan: bata, 28 urtekoa, Tolosan; eta bestea 37koa, Ibarran. Hiru sexu-eraso egitea leporatzen dizkiete.
28 urteko gizonezkoa igande gauean atxilotu zuten Tolosan, gauerdia baino lehenago. Bi emakumeri egin zien eraso; horietako bat adinez txikikoa da. Laban batekin ere egin zien mehatxu, Ertzaintzaren arabera.
37 urteko gizonezkoak, berriz, astelehenetik astearterako gauean egin zion eraso adinez txikiko emakume bati, Ibarran.
Bi gizonezkoak epailearen aurretik pasatuko dira datozen orduetan.