argia.eus
INPRIMATU
2026ko azaroaren 3a
Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen indarkeria matxistarengatik
  • Asteburu honetan bi gizon atxilotu ditu Gasteizko Udaltzaingoak: bata, bikotekide ohiari eraso egiteagatik; eta bestea, sexu erasoa egotzita.

Gasteizko Mugimendu Feministak egindako mobilizazio bat Alex Larretxi

Bi atxiloketak igande goizean gertatu ziren. Horietako bat Zaramaga auzoan, 06:30ak aldera; bigarrena, ordu bat beranduago, 07:30ak aldera. Lehenengo erasoari dagokionez, lekuko batek Udaltzaingora deitu zuen, kalean gizon bat lurrean zegoen emakume bat kolpatzen ari baitzen. Segurtasun lanak egiten ari zen patruila bertara gerturatu eta egoera aztertu eta gero, erasoa egindako gizonaren eta biktimaren adierazpenak jaso zituen. Antza denez, minutu batzuk lehenago, emakumea bikotekide ohiarekin etxera itzultzen ari zela, gizonak erasotu eta lurrera bota zuen, baina lekukoaren esku hartzeari esker atari batean sartzea lortu zuen. 40 urteko gizona atxilotu zuen Udaltzaingoak, mehatxuak eta erasoa egotzita.

Udaltzaingoak 56 urteko gizon bat atxilotu zuen Arriaga auzoko ostalaritza lokal batean. Udalak adierazi duenez, patruila batek segurtasun zaintzaile baten eta gizon baten arteko liskarra ikusi zuen. Zaintzaileak Poliziari azaldu zionez, gizon hark baimenik gabeko ukituak egin zizkion lokal barruan zegoen emakume bati, eta beste bati proposamen sexualak egin zizkion. Poliziak bi biktimen testigantzak jaso eta gero, erasoak egindako gizona atxilotu zuten, sexu erasoak leporatuta.