argia.eus
INPRIMATU
Bi gazte palestinar hil ditu Israelgo Armadak
  • 22 eta 25 urteko bi gazte palestinar hil ditu Israelgo Armadak. 2022a azken urteetan odoltsuena izan da palestinarrentzat, 224 hilketarekin.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 02a
Houshieh gaztearen hilotzaren inguruan jendea bilduta (Argazkia: Palestina Hoy)

Azken urteetan odoltsuena izan da 2022a palestinarrentzat, Israelgo Armadaren esku hartzeen ondorioz 224 izan baitira hildako pertsonak, PCBS Palestinako Estatistika Bulegoaren datuan arabera. 2023a hasi orduko erregistratu dituzte urteko lehen hildakoak, urtarrilaren 2an bi gazte hil baitituzte israeldar soldaduek. Palestinako WAFA agentziak publiko egindako informazioaren arabera, Mohammad Samer Houshieh eta Fouad Mahmoud Abed dira hildakoak, eta hurrenez hurren 22 eta 25 urte dituzte. Tiroz hil dituzte Zisjordaniako Kafr Dan herrixkan jazotako enfrentamenduan.

Israelgo Armada bi eraikin eraisteko asmoz sartu da herrixkan, irailaren 14an banaketa hesitik gertu jazotako eraso baten harira: Jenin hiritik gertu, Israelen kontrol gune baten aurka eraso egin zuten palestinarrek, 30 urteko Bar Falah komandante israeldarra hilaz; erasoan enfrentamendua jazo zen, eta israeldarrek tiroz hil zituzten Ahmad Ayman Abed eta Abdul Rahman Hani Abed. Horien etxebizitzak eraisteko asmoz sartu da astelehenean armada Kafr Dan herrian, eta operazio horretan jazo da bi gazteen heriotza eragin duen enfrentamendua. Hilketez gain, gutxienez zortzi pertsona zauritu ditu Israelgo Armadak.

Israelen ohiko prozedura da okupazioaren aurkako erresistentzian parte hartzen duten palestinarren etxebizitzak eraistea. PCBSren arabera, "palestinar herriaren deserrotzerako Israelen politika sistematikoaren baitan" kokatzen dira eraisteak ere, eta 2022an 1.058 eraikin eraitsi dituzte, horietatik 353 etxebizitzak.