Hogei urteren ondoren, ETB1en Bi eta Bat telesail arrakastatsuari berrekingo diote. Duela 20 urteko aktore berak izango dira protagonista: Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta eta Ane Gabarain. Zuzendariak ere berak izango dira: Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala.
Berria egunkariak dakarrenez, ETB eta Orio produkzioak ekoiztetxea azken xehetasunak eta aurrekontuak ixten ari dira eta laster hasiko dituzte atal berrien grabazioak. Ekoiztetxeko Unai Ibarbiaren hitzetan, "telesaila modernizatu" egingo dute, baina aurreko espiritua mantenduz.
Bi eta Bat telesailak hiru denboraldi egin zituen ETB1en, eta %21,3ko ikusle kuota izan zuten. Fikziozko lanean, soilik Jaun eta Jabek eta Goenkalek gainditu dute ikusleria hori.
Alberto Suriok 2009an ETBko zuzendaritza hartu zuenetik ez da ETBrako fikziozko lanik egin.
EiTB Nahieran-en orain arteko kapitulu guztiak ikus daitezke, eta hemen telesailaren lehen kapitulua txertatuta ikus dezakezu: Pisukide berria.