Betor XXI. mendeko Ostpolitik-a

Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzak negoziazio mahaian. RTVE

2026ko uztailaren 14an - 07:00
Azken eguneraketa: 2026-07-15 09:09
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

NATOko joan den asteko gailurrari so eginda hainbat galdera mahaigainera daitezke, bat honakoa: zer egingo lukete Europako herrialde nagusiek AEBek datorren astean Groenlandia inbadituko balute? NATOk AEBen aurka jo beharko luke, baina bistan da hori ez litzatekeela gertatuko. Airean geratzen da erantzuna, baina argi dago zentzuzkoena litzatekeela bide diplomatikotik bideratzea konponbidea. Horren arrazoiak begi bistakoak dira.

Kontua da antzeko arrazoi ugari egon daitezkeela ekialdera begiratu eta Errusia-Ukrainako gerran antzera jokatzeko, baina Europako estatu nagusienen erantzuna erasokorra izan da lehen unetik. Horrek, hasieratik zabaldu du bide oso arriskutsua aurrera begira. Alemania, Frantzia eta Erresuma Batuaren helburua Errusia higatzea bada, lortu dute. Duela bi urte, Errusia poliki baina etengabe aurreratzen ari zen gerra frontean, Ukraina oso egoera larrian jarrita. Dena den, Mendebaldeko laguntza militarrari esker, eutsi egin dio eta azken hilabeteetan kolpe gogorrak ematen ari da errusiar atzeguardian, hildako zibil dezente eraginda eta, batez ere, Errusiako energia gune ugari kolpatuta. Gaur gaurkoz, alabaina, ez da ikusten bake negoziazioa baino beste irtenbiderik, eta horretan ari dira diplomaziaren frontean.

NATOk eta Europar Batasunak inbasio errusiarraren mamua astindu dute, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Europan izandako berrarmatze gastu handiena hauspotzeko: NATOko iturrien arabera, 2015etik 2025era %82,76 handitu da erakundearen gastu militarra. Dena zentzu bako lasterketa militarrean, Errusiarekin gailendu daitekeen irtenbide bakarra negoziazioarena denean. Muturrera jota, eta NATOk arrazoi izango balu ere, etorkizuneko inbasioaren mamu hori bakarrik ezaba daiteke Errusia suntsituz. Norbaitek pentsa dezake hark hori onartuko duela aurretik beste hamaika txikitu barik? Inork ez. Eta hain zuzen ere, horregatik gaude bete-betean si bis pacem parabellum logikan. Negoziazio guztietan gertatzen den moduan, alde bakoitzak ahalik eta etekinik handienarekin iritsi nahi du bake akordiora.

Zenbat luzatu daiteke egungo egoera ikusita Errusia eta Ukraina direla –eta batez ere azken hori– egiazki odolusten ari direnak? Bi eszenatoki ari dira plazaratzen apurka hainbat analisi eta hedabidetan: bat, bi Koreen arteko gatazka-bake eredu beti tenkatua, baina ez hilgarria gatazkako bi aldeentzat; bi, Indiaren eta Pakistanen arteko intentsitate baxuko gerra, odol jario handiarekin eta eztanda nuklearraren mehatxu etengabearekin.

Beste bi irtenbide ildo ere badira: lehena da onuragarriena, bakea lehenbailehen sinatzea eta epe motz-ertainari begira, XXI. mendeko Ostpolitik-ari berriz heltzea apurka, Errusiarekin harremanak normaldu, areagotu eta datorkigun mundu multipolarrean bestelako Europa bat eraikitzen hasi. Amestea zilegi da herritarrontzat, batez ere beste irtenbideak europar gehienontzat suntsipena dakarrenean. 


Ukrainako gerra kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 29
Errusiak eraso handiak iragarri ditu Kieven eta Europari mehatxu egin dio
Madrilgo drone enpresak ere oreshnik errusiar misil supersonikoen jo puntuan daude

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...