Estefania Etxebeste iturendarrak errekorra hautsi du harri jasotzen, 166 kiloko harria bizkarreratuta irailaren 19an. Prestakuntza gogorra izan bada ere, pozik dago marka herrian bertan lortuta. Emakumezkoen harri jasotzean oraindik lana egin behar dela dio: “Mutilen lan bera egiten dugu, baina ez dugu diru bera jasotzen. Plazan ikusi nahi bagaituzte, baloratu gaitzatela eta eman diezagutela dugun balioa”.
Astebete baino gehiago igaro da Estefania Etxebeste (Ituren, Nafarroa, 2002) harri jasotzaileak marka berria ezarri zuenetik. Sorterrian egin zuen, 165 kiloko harria altxatzera joan eta 166 kilokoa bi aldiz altxatzen bukatu zuenean. Deskantsatuta eta neke fisikorik gabe, baina erabat sinetsi ezinda jarraitzen du. “Pozik nago, baina oraindik ez dut asimilatu. Kosta egiten zait gauzak asimilatzea”.
Orain arte Idoia Etxeberriak zuen errekorra, 163,4 kilorekin. Iturengoari hiru herritan eskaini zioten marka gainditzea, baina berak herrian egiteko ilusioa zuen: “Beti esan dut zerbait handia egitekotan herrian egingo nuela, doan, herritarrentzat”. Eta hala egin zuen irailaren 19an, Iturengo Joaldunen Egunean. Festaren antolakuntza lanetan ibili zen bezperan, eta “nahiko estututa” iritsi zen une handira: “Ordubete egon nintzen negarrez etxean, gauza asko nituen buruan eta dena ongi ateratzea nahi nuen”. Halere, gogotsu irten zen plazara. “Lana ja egina zegoen, plazara irten eta egindakoa erakustea geratzen zen”. Tentsioa izan zen hasieran, lehenengo altxaldian harria atzerantz erori zenean, baina Imanol Royo Lartain prestatzaileari begiratu eta garbi ikusi zuela dio; bigarrenean lortuko zuen eta hirugarren bat ere emango zion.
Gogorra izan da prestakuntza. Orioko (Gipuzkoa) Joseba Ostolaza Harri Eskolan entrenatzen du, Iturendik ordubetera. Neguan astelehenetan eta ostegunetan entrenatzen dute, baina udan “zaila” da entrenatzera joatea, “ia egunero” dutelako harri jasotze erakustaldiren bat. Gainera, udan entrenatzeak baldintza batzuk ditu: “Gorputzarentzat ez da ona eguzkia hartzea edo igerilekuan bainatzea. Ezta mendira joatea ere, irabazitako pisuarekin belaunek asko sufritzen baitute jaitsieretan”.

Etxebestek hiru urte daramatza harri jasotzen. Gogoratu du betidanik jarraitu izan duela Iker Vicente aizkolaria, familia Iturengoa baitu hark, eta haren aitak, Dani Vicentek, aurkeztu ziola Joseba Ostolaza harri jasotzailea eta entrenatzailea. Ordea, ez zuen pausoa eman lagun batek bultzatu zuen arte. “Urtebetetze batean Joseba Ostolazarekin harri jasotze klase bat oparitu zidan. Iritsi nintzenen Jokin Eizmendi, Udane Ostolaza eta Lartain bera zeuden, eta harrituta geratu ziren 50 kiloko harria zein erraz altxatu nuen ikustean”. Ondo gogoratzen du altxaldi hori: “Gozamena izan zen, barreneko dena botatzea bezala”.
Harri jasotzearen munduak leiho bat ireki du berean, lagun berriak egin eta lotura estuak eraiki baititu, adibidez, Lartain prestatzailea, “anaia” kontsideratzen duena. Ordea, frustragarria izatera ere irits daiteke, gustuko gauzak alboratu behar dituelako askotan, tartean, mendia edo kuadrilla bera. “Kafe bat hartzeko geratzen zara, baina beste gauza batzuk dituzu buruan”. Eta hortik marka herrian ontzeko nahia. “Etxekoek eta lagunek asko babesten didate, eta horregatik nahi nuen herrian egin, doan, eskertza moduan”.
Etxebestek ez du lehen errekorra. Iazko abuztuan ehun kiloko harria 59 aldiz bizkarreratu zuen, Idoia Etxeberriaren 56 altxaldiak gaindituta. Dena den, oso eskertuta agertu da Etxeberriarekin: “Bere garaian marka horiek ipintzeari esker disfrutatu ahal izan dut nik orain”. Paraleloki, antzekoa gertatzen zaio Iturenen entrenatzen duen Udane Perurena 8 urteko neskari, adibidez, Etxebesterekin. “Beretzat izarra naiz eta hori izugarria da”, esan du lotsatuta. Halere, emakumezkoen harri jasotzean “indar handia” badago ere, azpimarratu du lana falta dela: “Mutilen lan bera egiten dugu, baina ez dugu diru bera jasotzen. Plazan ikusi nahi bagaituzte, baloratu gaitzatela eta eman diezagutela dugun balioa”.