Ikerketak azaldu du umeengan eragindako eraso sexual eta fisikoak “sistemikoak” zirela, “gutxienez baimenduak”. Eliza katolikoari lotutako sistemak “errazten zuen” halakoak gertatzea, baita ikastetxearen beraren antolaketa moduak ere.
Ekainaren 20an aurkeztu dute Bétharram: terreur et silences(s) (Betharram: terrorea eta isiltasunak) ikerketa. Betharramango kongregazioak IFJD Louis Jonet institutuari eskatu zion ikerketa egiteko eta urtebetez aritu dira lanean. Betharramgo ikastetxe katolikoa Biarnon (Okzitania) dago, eta ikerketaren arabera 1950etik 2010era bitartean eskolako hainbat haurrek apaizen eta zaindari laikoen sexu erasoak eta indarkeria fisikoa jasan zituzten. Ikasle asko Ipar Euskal Herritik joandakoak ziren.
Mediabask hedabideak jasotako informazioaren arabera, Jean-Pierre Massias ikerketa batzordeko presidenteak ondorio bat azpimarratu du: gehiegikeriak sistemikoak izan ziren, ez zen gizon isolatu batzuen kontua izan, “eta sistemak hala jokatzea errazten zien, edo gutxienez, behintzat, baimendu”. Massiasek sistema hori Eliza katolikoari atxiki dio, baina baita ikastetxeak berak antolatuta zeukan egiturari ere. Nabarmendu du eskolak inguru sozial indartsua zeukala, oso katolikoa eta herriko pertsona esanguratsuek babestutakoa, zeinak ikastetxea legitimatzen zuten. Sistema horrek guztiak gehiegikeriak “errepikatzea, ezkutatzea eta zigorgabe uztea erraztu eta sustatu” zuela adierazi du ikerketa batzordeko presidenteak.
Atera duten beste ondorioetako bat da haurren traumak ez direla bukatu indarkeria gelditu denean, ezta helduarora iritsi direnean ere.
Massiasek gehitu du Betharramgoa salbuespena dela, baina ez bakarra, eta ohartarazi du ez dela onartu behar “basoa ikustea eragozten duen zuhaitza izatea”.
Ia 350 orrialdeko txostenean, hamabost ondorio gako jaso dituzte, eta 25 aholku. Besteak beste, eskatu dute egia bide judizialetik bilatzea, nahiz eta delituak preskribatuta dauden; herritarrek osatutako auzitegi bat eratzea; isiltasunaren kultura ezabatzea eta entzuteko eta salatzeko bideak indartzea; eta publikoki onartzea instituzioek izan duten erantzukizuna.
Berria egunkariak jaso duenez, orain arte 197 biktima dauzkate identifikatuta. Kopurua aise izan daiteke handiagoa, ohikoa delako salaketak baino eraso gehiago izatea, eta erasoak gertatu diren epea oso zabala delako. Ikerketa batzordeak hipotesi bat landu du balizko kopuruaren inguruan: indarkeria mota guztietako biktimek hamarkada bakoitzean zenbat salaketa jartzen dituzten kalkulatu dute, eta proportzio hori kontuan hartuta, uste dute Betharramgo biktimak 726 izango liratekeela. Alabaina, litekeena da zifra 1.500erainokoa izatea.