argia.eus
INPRIMATU
'Beterri Saretuz' ekonomia eraldatzailearen sarea ekintzara pasako da
  • Beterri-Buruntzako hainbat enpresa eta eragile biltzen dituen ekimenak ostegunean aurkeztuko ditu bere ekintza plana eta aurtengo helburuak, Usurbilen. 2019an sortua, parte hartzean oinarrituriko proiektuen ekosistema sustatu nahi du sareak eskualdean, ekonomia eraldatzailearen balioekin bat eginez.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko otsailaren 16a
Beterri Saretuz ekimeneko partaideak, iaz Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egindako ahalduntze formazio saioan (argazkia: Beterri Saretuz)

Beterri Saretuz ekimenak ostegunean, hilak 17, aurkeztuko ditu aurtengo helburuak eta ekintza plana, Usurbilen egingo duten goiz osoko jardunaldi batean. Antolatzaileek azaldu dutenez, partaideen artean izandako eskakizun nagusietako bat izan da praktikara pasatzea interkooperazioaren bidez, eta zeregin horri ekin nahi diote orain.

Partaideen eskakizun nagusietako bat izan da praktikara pasatzea interkooperazioaren bidez

Badirua hiru urte ekonomia eraldatzailean oinarrituriko hainbat enpresa eta eragile elkartzen hasi zirela Beterri-Buruntza eskualdean, euren artean esperientziak trukatu eta ekimenak martxan jartzeko, eskualdean eragiteko helburuz. Ekimen horietako bat izan zen parte hartzean oinarrituriko ekosistema enpresarial bat sortzen hastea, eta ibilbide horretan gero eta pauso sendoagoak eman dituzte.

2019an Hernaniko Oronan egindako jardunaldi batzuekin abiatu zen Beterri Saretuz, eta ondorioztatu zuten enpresetan parte hartzea sustatzeko funtsezkoa dela jabetza edo erabakitzeko gaitasuna norena diren ikustea, eta lan-harremanetan "bertikaltasuna" saihestea. Denbora honetan sarea egituratzeko fasean aritu dira lanean; horretarako Gipuzkoako Aldundiaren eta Beterri-Buruntza Udalen laguntza izan dute. Horrez gain, enpresetan parte hartzea sustatzeko gida sortu dute, beste eskualdeetako proiektuen berri izan dute, eta formakuntza jaso dute ahalduntzearen edo interkooperazioaren inguruan. 

Joan den urtean Usurbilen egindako beste saio batean agerian geratu zen interkooperazioaren garrantzia oraingoa bezalako krisi garaietan, eta kapital metaketa hutsetik ihes egiten duen eredu bat bultzatzeko, lurraldean bertan dauden proiektu eraldatzaileak elkar zaindu eta elikatzea dela gakoetako bat. Astigarragan amaitu zuten ikasturtea, etorkizuneko sarea josteko saio praktiko batekin, eta bide batez, aurtengo helburu eta erronkak finkatu zituzten.

Ostegunean Usurbilgo Sutegi aretoan 9:00etatik 12:30etara egingo duten jardunaldirako izen ematea oraindik zabalik dago. Ekintza plana eta aurtengo helburuak aurkezteaz gain, dekalogo bat osatzeko zirriborro-proposamena ere jasoko dute parte-hartzaileek, eta esperientziak partekatzen jarraituko dute, Beterri-Buruntzako ekonomi eraldatzailearen bidez lurralde-ekonomian eta jendartean bestelako balio batzuen bidez eragiteko asmoz.