argia.eus
INPRIMATU
Beste kazetari bat hil dute Luhansken, ibilgailu blindatu batean zihoala erasotuta
  • Frédéric Leclerc-Imhoff izena zuen 32 urteko berriemaileak, eta BFNTV telebistarentzat ari zen lanean. Ebakuazioko kamioi blindatu batean zeramaten beste hamar bat lagunekin, eta Errusiako militarrek eraso egin diete, Serhiy Haidai Ukrainako armadaren Luhanskeko buruaren arabera.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 30a
Metrailak ibilgailuko blidajea pasatu du. / Argazkia: Serhiy Haidai, Telegram.

Severodonetsk hirian hil dute Frédéric Leclerc-Imhoff, Luhansken. Serhiy Haidai Ukrainako tropen zonaldeko buruzagiak eman du ezbeharraren berri, astelehenean bertan. Horren arabera, Errusiako armadak eraso egin du, hamar bat lagun zibilen ebakuaziorako ibilgailu blindatu batean zihoazela, horien artean 32 urteko kazetari akreditatua. Metrailak ez du zuzenean jo ibilgailua, baina puska batzuek blindajea pasatu dute eta Leclerc-Imhoff lepoan larri zauritu. BFNTV katearentzat ari zen lanean. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak baieztatu du gizonaren heriotza.

Mugarik Gabeko Kazetariak GKEren esanetan, gutxienez zortzi kazetari hil dituzte Ukrainako gerran berriemaile zebiltzala. Oksana Baoulina kazetari errusiarra, Pierre Zakrzewski kameralari frantses-irlandarra, Olexandra Kouvchinova kazetari ukrainarra, Brent Renaud dokumentalgile estatubatuarra, eta Evgueni Sakoun kameralari ukrainarra, besteren artean.