Sindikatuak salatu du CCOOk eta patronalak euskaraz negoziatzeari uko egin dietela, haiek itzulpen baliabideak jarri badituzte ere. CCOOk adierazi du patronalak soilik baztertu duela euskaraz negoziatzeko aukera, eta ELA ez negoziatzeko aitzakien bila ari dela.
ELA sindikatuak uztailean adierazi zuen kurtso hasierako lan hitzarmenen negoziazioetan euskara hutsean ariko zela, eta erabaki horrek geroztik hiru gatazka eragin ditu: irailaren 3an eginiko Bizkaiko metalgintza arloko lan ituna berritzeko bileran, LHK Lan Harremanen Kontseiluak ez zuen itzulpen zerbitzurik bermatu eta FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak uko egin zion sindikatuak eskainitako itzulpen zerbitzua erabiltzeari; astebete geroago, esku hartze sozialeko mahaiaren bileran ere LHKk ez zuen itzulpen zerbitzurik eskaini, eta hala behar zutenek ELAk bermatutakoa erabili zuten.
Azkenik, asteartean lurralde bereko gasolindegien ituna berritzeko mahaian patronalak eta CCOOk uko egin diote bileran jarraitzeari. Aurreko bi aldietan bezala, LHKren ordez ELA izan da itzulpen zerbitzua bermatu duen eragilea, "parte hartzaile guztien hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko". Patronalak eta CCOOk, ordea, uko egin diote bilera egiteari mahaiko parte hartzaile batzuk euskaraz mintzatuz gero.
Eraso euskarafoboa
Gainera, ELAk salatu du "eraso euskarafoboa" pairatu dutela, haien itzulpen zerbitzua ez erabiltzeko CCOOren argudioak honako hauek izan baitira –gaztelaniaz adierazita–: "Gobernuz kanpoko erakunde baten moduan jokatu behar duzue? Ez da inongo eskubiderik bortxatzen ari".
Patronalak eta CCOOk gaztelaniaz soilik negoziatzea inposatu nahi izan dutela salatu du ELAk, haiek, "norberen ahalen eta nahien arabera", negoziatzaile guztiek euskaraz eta gaztelaniaz egiteko aukera eskaini duten bitartean: "Erakunde publikoen egitekoa da herritarren hizkuntza eskubideak babestea".
CCOOren adierazpenak
Gazteleraz idatzitako ohar batean, azkar heldu da CCOOren erantzuna: "CCOO ez dago lan hitzarmenak euskaraz negoziatzearen aurka; are gehiago, sindikatuak esan du negoziazio mahaietan itzulpen zerbitzua jartzea komenigarria dela". Bilera ez egitearen errua patronalarena izan dela adierazi dute, hura izan baita ELAk eskainitako itzulpen zerbitzua erabiltzeari uko egin diona. Horrez gain, CCOOk ELAri leporatu dio negoziazioekin ez jarraitzeko "aitzakiak bilatzen eta gatazkak pizten" ari dela.