Aitzineko edizioetan baino bisitari gehiago hurbildu da larunbat honetan iragan den Ziburuko Liburu eta Disko Azokara. Argitaletxe, diskoetxe zein bisitari, guztiek dute osagai bera azpimarratzen: euskarazko sorkuntzaren inguruan sortzen den giro goxoa.
Karpa handi bat plazaren erdian, eta beste bi ttipi inguruan, bata kontzertuentzat, beste bat liburu aurkezpenentzat. Eta batetik bertzera ibilki dabil jendea, tartean ezagunekin bi ele trukatuz. Azkenean nahiko ttipia da euskal sorkuntzaren inguruan dabilen mundua eta Ziburuko Liburu eta Disko Azokara bertaratzen denak topatu ohi ditu ezagunak. Etorri dira Aiaraldeatik (Araba), Baztandik (Nafarroa), Oztibarretik (Nafarroa Beherea), Lekeitiotik (Bizkaia), Baigorritik (Nafarroa Beherea), Durangotik (Bizkaia), Amikuzetik (Nafarroa Beherea)... eta Euskal Herriak bete du Ziburuko plaza. Aitzineko urteetan baino jende gehiago izan da aurtengoan, eta kasik 1.400 bisitari kontaturik, balorapen baikorra egin dute antolaketan buru-belarri aritu diren Baltsan elkarteko eta ARGIAko kideek. Zazpigarren edizioa izan da eta aitzinekoen erritmo berean iragan da aurtengoa ere: liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak eta tarteka bestelako sorkuntzak –umore saioa, marrazkilari eta bertsolarien arteko zirriborroka, rol jokoak...–.
Berrogei bat argitaletxe eta diskoetxe batu dira eta zapore gozoarekin etxeratu dira egun bukaeran. Horien artean da Elkar argitaletxeko Peio D´Uhalt. Urteak daramatza Baionako dendan saltzaile eta aitortu digu lehen urte hartan azokaren ideia atera zenean ez zuela baitezpada sinistu: “Euskarazko sorkuntzei mugatuta izanda zaila ikusten nuen, baina ni izan nintzen harritu zen lehena. Salmenta mugimendu handia dago. Dendan euskal liburu guti saltzen da, eskaera apala da, guti batzuk gara, baina hemen, haatik, badirudi mundu bat garela”. Beharrezkotzat jotzen ditu horrelako espazioak: “Azkenean, arnasgune handiena da liburua. Liburua edo antzerkia, edo musika, hots, euskaraz sortzen den oro”. Arnasguneak beharrezkotzat dituen Peio Gutierrez ere bertan egon da, Rolariak elkarteko kide gisa, hogei bat neraberekin jolasean: "Rol jokoak badira nerabeak euskarara erakartzeko eta euskaran murgiltzeko bide interesgarriak". Pozik aurkitu dugu, rol jokotarako materiala biltzen ari, bizpahiru orduz sortu duten giroaz kontent.
Erein argitaletxearen mahaian dagoen Idoia Gonzalez ere gustura itzuli da etxera: “Xarma handiko azoka da, daukan familia giroa asko maite dugu”. Egia da formatuak aukera ematen duela trukaketari, solasari. Gainera, beraien liburua esku artean badatoz egile andana ere, eta horrek ere dakar gehigarri berezia. Horien artean izan da, demagun, Itziar Madina, Maiatz argitaletxearekin Deserroa haurtzaro liburua plazaratu berri duena. Autobiografikoa da, poesia da eta errefuxiatu politikoen alaba baten gorabeherak kontatzen ditu. “Idazketa biziki arina izan da, buruan itzuli-mitzulika nituen memoria-tanta batzuk paperera eramateko beharretik atera dena. (...) Ipuin-olerki horiek zauri horien josturak dira, sendatze zerbait. Eta memoria ere badira”. Mamu izendatzen dituen gogoeta eta barne-mugimendu horiek papereraturik, orain liburua plazaratzen dabil, eta dioenaz ariketa ez zaio zaila, “finean, ez delako oihartzun pertsonal bat, oihartzun kolektiboa da”.
Balio Dute diskoetxeko Maddi Gerrikorentzat ere formatuak du balio handia: “Makroarekiko lotura badago, horretaz nahiko kontzientziatuak gaude, eta guk uste dugu formatu txikiak sustatu behar direla. Horretan gabiltza: elkarte txiki bat gara, lagun artean sorturikoa eta sinesten dugu herrian”. Ondoan duen Xabier Badiolak zera gehitzen dio: “Arreta handiz entzutera datorren jendea dago Ziburuko Azokan. Besta giroa dago, baina kulturaren inguruan eta kultura gozatzeko kontzientziarekin”.
Aurtengo omendua Beñat Oihartzabal hizkuntzalaria izan da, eta bien arteko solasaldian Celine Mounolek azpimarraturikoa berretsi du kazetariak ere jendearekin hizketan ari zela: “Omenaldi akademikoa egin zioten duela zenbait urte eta egun euskal gizarteak helarazten dizkio bere esker onak, euskaldunek. Argi gelditzen da Beñat ez dela urrezko dorre batean bizi den ikertzailea; beti jendartearen zerbitzuko aritu da”. Eguneko lehen kontzertua Marierekin batera eskaintzen egondako Pantxixek ere begi-kliska egin dio Oihartzabali, bi kanturen artetik: “Beñat ene irakaslea izan zen fakultatean, euskara galdu ondoren berreskuratu nuenean; berezia da enetzat omendua den egunean hemen egotea”. Ondotik Nahia Zubeldiarekin hizketan, honek ere kontatu dio Leila Slimani idazlearen Chanson douce Alberdaniarentzat itzultzen ari zenean –Kantu leuna, azokan bertan aurkezturikoa– nolatan jo zuen Oihartzabalengana, aholku eske. Bada pertsona estimatua, eta txalo zaparrada luzez eskertu zuten azokaren lehen orduko omenaldian.
Txalo zaparradaz hasi zen eguna eta berdin-berdin bukatu zen eguna, Maddi Ane Txoperenaren Zaldi bat liburuaren aurkezpenaren kari. 19:00etan azokak ateak itxi bazituen ere, doi bat luzatu zen eguna Jurgi Ekizaren kontzertuari esker. Hain zuzen, aisialdiak, kultura eta hezkuntza euskaraz bideratzen dabiltzan herrien arteko sarea da Oinherri eta beraien topaketa Ziburun egin zuten asteburuan, nahitara, hausnarketa eta plazera biak juntatzeko gune bihurturik Lapurdiko herria. Jurgi Ekizaren kontzertua beraiei esker izan da. Eta hala da: diglosia bortitzean aitzina egin beharrean dabiltza bertako euskaldunak, eta Ziburuko Liburu eta Disko Azoka bada oxigeno gune estimatua, ondotik aitzina egin ahal izateko ezinbestekoa dutena.