Ostegun arrats honetan gales hizkuntzari buruzko hitzaldia eskainiko du Ziburuko (Lapurdi) Baltsan elkartearen egoitzan Robin Farrar galestarrak. Ekainaren 6an izanen den Ziburuko Liburu eta Disko Azoka aitzin osaturiko Azokaroa zikloaren baitan doa hitzaldia.
Gales hizkuntzaren egoeraz hitz eginen diguzu euskaraz ostegun arrats honetan Ziburun (Lapurdi). Hasteko, kontaiguzu nor den Robin Farrar.
Sortzez Gales ipar-mendebaldekoa naiz, eta hango herri txiki batean bizi naiz. Lanbidez irakaslea naiz, leku berezi batean: Nant Gwrtheyrn-en –Gales Hizkuntza eta Ondarearen Zentroa–. Ikastaro trinkoak eskaintzen dizkiegu gales hizkuntza ikasi nahi dutenei, hemengo barnetegien antzeko eskaintza da. Orain dela urte batzuk, 2011n, murgildu nintzen Gales Hizkuntza babesteko mugimenduan, Cymdeithas yr Iaith Gymraeg-eko presidente gisa. Azken hamar urteetan anitz mugitu naiz, Galesetik Frantziako Lyon hirira eta hortik Euskal Herrira –Nafarroa Behereko Irisarrira eta Bidarraira, hain zuzen–, nire euskara hobetzera eta euskaraz bizitzera. Iazko irailean, lanpostu berria lortu eta gero, itzuli nintzen Galesera. Laburbilduz, hizkuntza zalea naiz, maite dut hizkuntzak ikastea eta hizkuntzei buruz ikastea.
Labur azalduta, zertan da gaur egun galesaren egoera?
Euskal Herrian bezalako egoera daukagu, bainan Galesko biztanleen %19 bakarrik da galesduna. Orain dela ehun urte, galesa hizkuntza nagusia zen lurralde osoan, familietan eta kalean. Gaur egun, hizkuntzaren arnasgune guztiak dira Gales ipar-mendebaldean.
Alta, hizkuntza ofiziala da. Nola esplikatzen duzu hizkuntza gutxitua izatearena?
Ofizialtasuna ez da zuria edo beltza den afera bat. Galesen, 2011 urteaz geroztik badugu lege bat, ofizialtasun sinbolikoa ezartzen duena eta eskubide batzuk bermatzen dituena. Baina, ofizialtasun indartsuagoa behar dugu –hezkuntza galesez bideratuta ume guztiei, adibidez–. Eta ofizialtasunaz aparte, gales hizkuntzaren arnasguneak hobeki sustengatu beharko lituzke gobernuak.
Galesaren aldeko aktibismoa zertan da?
Justuki, gaurko aktibistek badakite erronka handiak daudela: hezkuntza sistema aldatzeko, komunitateak sustatzeko, hizkuntzaren lekua bermatzeko mundu digitalean... Aktibismoari eta ekintzari esker daukagu telebista katea galesez –1983an sorturikoa–, hizkuntzaren legea –2011n lorturikoa–, bigarren etxebizitzaren zerga –2023an bozkaturikoa–. Borrokak jarraitzen du.
Borroken artean badugu elkar zer ikasi. Zer litzateke euskaldunok galesaren aldeko aktibismotik jaso dezakegun ideia edota gomendioa?
Oraingoz, galesez lotsarik gabe bizitzea lortzen dugu, eta errekurtso gutxirekin kultura aberatsa egitea. Euskal Herriak asmatu behar du kolonoak bidaltzen duen irudiaren menpekotasunetik nola urrundu.
Alderantziz, Euskal Herritik Galesera zer eramanen zenuke?
Euskal Herriko besta euskaldunek giro berezia daukate, eta nik nahiago nuke halako giroa ikusi Galesen. EAEko ofizialtasunetik eta ikastoletatik ere badugu zer ikasia.
Gogotsu Ziburun eskainiko diguzun hitzaldirako? Zer espero duzu?
Oso gogotsu naiz! Espero dut lotura gehiago sortu ditzakegula Gales eta Euskal Herriaren artean.