argia.eus
INPRIMATU
Ofizialki jakinarazi diote Beskoitzeko ikastolari uztailaren 6rako lurrak uzteko agindua
  • Ikastolako gurasoek protesta egin dute agiantzen ekitaldian, heldu den ikasturterako aterabiderik gabe jarraitzen baitute oraindik ere ikastolako haurrek.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 15a
Hainbat izan dira azken hilabeteotan Beskoitzeko Ikastolaren alde eta Herriko Etxeak harturiko erabakiaren aurka eginiko protestak.

Beskoitzeko (Lapurdi) Ikastolaren kanporaketa prozedura abiatu da. Azken egunotan jaso dute Fabienne Aiensa auzapezaren gutuna, eta horretan eman die ofizialki abenduaren 18an hartu zuten erabakiaren berri: uztailaren 6rako lekua hustu beharko dute. Ikastolako lehendakariek, Seaskak eta Egoitza elkarteak eskuratu dute agiria.

Ikastolako gurasoek Aiensa auzapezak Urgazietako eskola publikoan egindako ekitaldia hautatu dute protesta egin eta herriko etxearen erabakia salatzeko.

40 guraso inguru eta ikastolako dozenaka haur elkartu dira ekitaldiaren kanpoko aldean, euren eskaerak idatzita zeuzkaten afixak erakutsiz. Heldu den ikasturterako aterabiderik gabe jarraitzen dutela salatu dute.

Izandako harrabotsa dela eta, herriko etxea ikastolako gurasoekin hitz egiteko prest azaldu dela jaso du Berria-k. Ikastolako eraikina galtzeko mehatxupean urtebete dihardutenetik herriko etxeak emandako “lehen urratsa” dela azaldu du Julen Jauregi gurasoak: “Bilera horrek hitzetatik ekintzetara pasatzeko balio behar du”. Hala, bilerak “lehenbailehen” izan beharko duela gaineratu du.

Eraikin berri bat altxatzeko proiektua

Beskoitzeko Ikastola 2014an jarri zen abian eraikin prefabrikatuan, herriko etxeari alokatutako lurretan. Duela hiru urte hasi ziren herriko etxearekin hizketan eraikitzeko baimena eskuratu ahal izateko, baina egindako eskaera guztiei ezetz esan die, prefabrikatuak kendu eta eraikin berria jasotzea ezinezko bihurtuz. Seaskako eragileek eskatu dute herrian dauden gela hutsak baliatzea, herriko kantinan bazkaltzea, aparkaleku publikoan autoa uztea edota jabe pribatu baten lursaila alokatzea. Denari ezezkoa eman dio herriko etxeak.