Bertsolari Txapelketa Nagusia zazpi probintzietatik igaroko da

  • Aurrez iragarri legez, irailaren 23an hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Baigorrin. Finalerako hitzordua, berriz, abenduaren 17an izango da Barakaldoko BECen. “Lehen aldiz aldi berean euskararen zazpi lurraldeetan” egingo da txapelketa, Bilbon egindako aurkezpenean Bertsozale Elkarteak azpimarratu duenez.


2017ko irailaren 12an - 14:40
Bilbon aurkeztu dute Bertsolari Txapelketa Nagusia. (Arg.: Bertsozale Elkartea)

Ez da sinbolismo hutsa, bertsolaritza bizirik egotearen isla baizik. Hala azaldu du Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak Bertsolari Txapelketa Nagusia Euskal Herriko zazpi herrialdetara joatea. Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa , Bastida (Arabakoa), Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldok hartuko dituzte saioak. “Guzti horietan presente dago bertsolaritza, moduren batean edo bestean”, adierazi du Jokin Castaños txapelketaren talde antolatzaileko kideak.  

Castaños eta Muruarekin batera aurkezpenean izan dira Hegoaldeko lau herrialdeetako bertsozale elkarteetako lehendakariak, eta Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkartekoa. Nabarmendu nahi izan dute txapelketa nagusia ez dela lau urtean behineko gertakari isolatua, egunero bertsolaritza bultzatzeko egiten den lanaren ondorioa bizik.

43 bertsolarik, hogei epailek eta hamazortzi gai jartzailek parte hartuko dute txapelketan. Azaldu dutenez, aurreko edizioko finalistetako batek, Unai Iturriagak, ez du aurtengorako izena eman, eta inork ez du hura ordezkatuko.

Finalerdia, bi txanpatan

Lehenik sei final laurden jokatuko dira, eta ondoren finalerdiak, bi fasetan banatuta. Bi horien artean puntu gehien lortzen duten zazpi bertsolariak Amets Arzallus egungo txapeldunarekin batera arituko dira BECeko finalean. Saio guztiak arratsaldeko 17:00etan hasiko dira, finala izan ezik.

Final laurdenetarako sarrerak eskuragarri daude jada nahi duen ororentzat (www.bertsosarrerak.eus atarian). Finalerdi eta finalekoak, berriz, Bertsozale Elkarteko bazkideek baino ezin izango dituzte eskuratu urriaren 2ra bitartean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude